Fagor Etxetresnak

Mondragoneko beste kooperatibak hasi dira Fagorreko langileak hartzen

Arazoari "betiko ildo historikoaren bidetik" erantzuten ari zaiola esan du taldeak.

Iker Aranburu.
2013ko urriaren 24a
19:15
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren, Debagoieneko herritarren eta kooperatibisten kritikei erantzuteko lehen urratsa egin du Mondragon taldeak. Fagor Etxetresnen lana galtzera zihoazen langile batzuk  korporazioaren beste kooperatiba batzuetan enplegatzen hasi da. Taldeak ez du zehaztu, ordea, «birkokapen» horiek beste langile batzuen kaltetan egin ote diren;  hau da, kooperatibista bati lekua egiteko soldatapeko langileak bota behar izan ote dituzten.

Mondragonek enplegu bulego bat sortu zuen joan den astean, Fagor Etxetresnek hartzekodunen konkurtsoaren aurrekoa eskatu zutela jakinarazi bezain pronto. Bulego horren helburua da kooperatiba horretako bazkideei lekua egitea korporazioko beste enpresetan. Lehen kolokazioak gertatu direla azaldu du Mondragonek ohar baten bidez, eta esan du azaroan ugaritu egingo dela birkokatuen kopurua, taldeko kooperatibek eskatutako elkarrizketa kopurua handitu delako. Enplegu bulegoa laguntzen ari da «kooperatibek enpleguan dituzten beharrak aztertzen» eta soslai profesional egokiko langileak hautatzen.

Gaur egun libre egon —edo libre utzi— daitezkeen lanpostuak betetzeko ez ezik, enplegu berriak sortzeko prozesua bizkortu du Mondragonek. «Lankidetzarako mekanismo berriak martxan jarri dira kooperatibetako sustapen unitateen artean, negozio berriak sustatzeko dinamika biziagoa aktibatzeko».

Jaurlaritzari erantzuna

Fagor Etxetresnak kooperatibak ia 1.700 kooperatibista ditu Euskal Herriko bost fabriketan. Horietatik zenbatentzat egin beharko duten lekua ez dago garbi, Mondragonek artean ez baitu zehaztu kooperatiba horren berregituraketa plana. Konkurtso legeak horretarako lau hilabeteko epea ematen dion arren, lehenago egin beharko du, Frantziako legeak ez diolako hainbeste tarte ematen hartzekodunen salaketetatik babesteko. Gaur izan dute bilera Frantziako lau lantegietako sindikatuekin, egoeraren berri emateko. Herrialde horretan ia bi mila lagunek egiten dute lan Fagorrentzat, taldearen lau lantegietan eta harentzat lan egiten duen beste batean (Lyonen).

Baina Euskal Herrian ere berregituraketa aurki abiatzeko presioa jasaten ari dira Fagor eta Mondragon. Jaurlaritzak «plan zorrotz bat» eskatu dio, eta haserre agertu da korporazioarekin. Iñigo Urkullu lehendakariak berak auzitan jarri du Mondragonek Fagor Etxetresnak salbartzeko borondatea duela.

Salaketa horri adierazpen oso orokor batekin erantzun dio Mondragonek. «Ezohiko egoera da Korporazio osoarentzat, bere neurriagatik, baina betiko ildo historikoaren bidetik egiten ari zaio aurre, elkartasun mekanismoetan oinarrituta (Enplegurako Laguntzaren prestazioaren bitartez), kooperatiben arteko lankidetzan oinarrituta (bereziki bazkideak birkokatuz) eta erantzukizun kolektiboan oinarrituta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.