Montorok ziurtatu du ez zaiola produktu bakar bati ere BEZ zerga handituko

Sozietate zerga jaisteko aukera txalotu du Confebaskek, baina enpresei kenkaririk ez kentzeko eskatu du

Erredakzioa
2014ko martxoaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aditu talde batek proposatu duen zerga erreformatik urruntzen ari da Espainiako Gobernua. Hain zuzen ere, produktu bakar bati ere ez zaiola BEZ zerga handituko agindu du Cristobal Montoro Ogasun ministroak. Tasa orokorrak ez direla ukituko adierazi duen lehen aldia ez da, baina bai, adituen txostena ezagutu zenetik, produktu batzuk tasa murriztua izatetik tasa orokorra ordaintzen hasteko aukera propio baztertu duen lehen aldia.

Adituen txostenak errenta eta sozietate zergetan beherapenak planteatu ditu. Bilketa orekatzeko asmoz, zeharkako zergetan aldaketa batzuk egitea proposatu dute. Horien artean, BEZ murriztua (%10) ordaintzen duten produktu gehienak tasa orokorrera (%21) pasatzea. Besteak beste, uraren edo elikagai gehienen prezioa garestituko luke horrek.

NDFk edo Europako Batzordeak BEZ zerga igotzea aholkatu dute behin baino gehiagotan, baina Montorok bide hori itxi du. 2012an tasa orokorra hiru puntu igo zuen PPk, eta bi tasa murriztua. «Gizarte modura ahalegin bat egin dugu», haren ustez.

Bestalde, adituen txostenaren alor batzuk txalotu ditu Miguel Angel Lujua Confebask patronaleko lehendakariak. Hain zuzen ere, sozietate zergaren tasa jaistea egokitzat jo du, haren blogean idatzitako testuan, baina kenkariak ez ezabatzeko eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.