Aulkia kolokan du Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak, Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu egin baitu hark joan den legealdian ezarritako amnistia fiskala. Konstituzionaleko epaileek, aho batez, ontzat hartu dute amnistiaren aurka PSOEk jarritako helegitea. Epaileek arrazoi tekniko bat eman dute: ezin dela horrelako erabaki bat lege-dekretu baten bidez ezarri «Konstituzioak ezartzen dituen betebeharrei hain modu sakonean eragiten dieten kasuan». Betebehar hori da «gastu publikoari guztien ahaleginarekin eutsi behar izatea».
Espainiako Gobernuak gutxietsi egin du Konstituzionalaren epaia, «segurtasun juridikoaren izenean», auzitegi horrek erabaki baitu amnistiaren bidez legeztatutako dirua ontzat hartzea. Hau da, tasa txiki baten truke beren diru ezkutua azalarazi zutenek ez dutela orain gehiago ordaindu behar.
2012an onartu zuen Montorok amnistia fiskala, horrekin defizita estaltzeko 2.500 milioi lortuko zituelakoan. Erdia lortu zuen. Eskandalua eragin zuen amnistia baliatu izanak zerga iruzurraz akusatutako asko: Rodrigo Rato, Luis Barcenas, Francisco Granados eta Jordi Pujol.
Euskal Herriko foru ogasunek ez zuten amnistiarik ezarri iruzurgileentzat.