Operazioa sinestezina izango litzateke duela gutxi arte. Batetik, Morgan Stanley AEBetako inbertsio banku handienetan bigarrena delako eta krisiari bere kasa aurre egiteko modua izango zuela uste zelako. Lehman Brothers eta Bear Stearns ez bezala, Morgan Stanley ez dago hain sartuta subprime hipoteken bonoetan, eta errentagarria da. Urteko hirugarren hiruhilekoan, 1.430 milioi dolar irabazi ditu, iaz epe berean baino %7,7 gutxiago.
Baina are deigarriagoa da Morgan Stanley Txinako Alderdi komunistaren esku gera daitekeela, CIC hango gobernuaren funts subiranoa baita. Kapitalismoaren ikur handienetako bat teorian komunistak direnen esku, alegia. Baina Wall Streeten egoera hain larria da salbatzailearen patrikari baizik ez diotela begiratzen, eta, kasu horretan, oso sakona da. Txinaren merkataritza superabit izugarriaren zati bat funts horretan sartu du Pekingo gobernuak, eta inbertsio handiak egiten ari dira munduan zehar.
Morgan Stanleyko arduradunen beste alternatiba bat Wachovia Bankekin elkartzea da. Aukera hori onartuko luke Washingtonek, kezkatuta baitago Txinako enpresak eta inbertsio funtsak lortzen ari diren boterearekin. Baina arazoa da Wachoviak berak ere nahiko arazo dituela eta halako operazio batek ez lituzkeela merkatuak lasaituko.
Morgan Stanleyren akzioek balioaren erdia galdu dute aste honen hasieran, Lehman Brothers lehiakideak porrot egin zuenetik. Atzo, burtsa ixteko ordubete falta zela, %20 galtzen ari zen, baina azken orduko suspertzeari esker%8ko igoerarekin bukatu zuen eguna.
Morgan Stanley 1935. urtean sortu zen, eta 48.000 langile ditu 33 herrialdetan.
Gauzak ez doazkio hain gaizki AEBetako inbertsio banku handienari -%15eko galera %0,8ko irabazi bihurtzea lortu zuen azken orduan-, Goldman Sachsi, baina, hura ere aztertzen ari da bere independentzia galtzeko une egokia ez ote den, eta lehen elkarrizketak izan ditu beste funts subirano batzuekin.
Beste banku batenak ere egin du: Washington Mutual erosle bila ari da ofizialki. HSBC britainiarra hura erosteko faboritoa da.
Banku zentralen esku-hartzea
Finantza krisiaren arrazoietako eta ondorioetako bat da bankuak ez direla bata besteaz fio, eta horregatik uko egiten dioten elkarri dirua uzteari. Nahiago dute dirua beraien kutxetan gorde, etor daitekeenari aurre egiteko. Europako eta AEBetako bankuen arteko harremana, esaterako, erabat eten zen asteazkenean.
Banku pribatuek egiten ez dutena beraiek egitea erabaki dute banku zentralek, sistema aurrera egiteko dirurik gabe gera ez dadin. Atzo, laugarren aldiz azken urtean, erabaki zuten beste 180.000 milioi dolar uztea banku pribatuen esku. Horretatik, zati bat egun batetik besterako finantzaketarako izango da, eta epe luzerako bestea. Europako Banku Zentralak, AEBetako Erreserba Federalak, Suitzako Banku Nazionalak eta Ingalaterrako, Kanadako eta Japoniako bankuek agindu zuten «beharrezko urratsak» hartuko dituztela «presioei erantzuteko».
Neurriak izan zuen eragin onik. Bankuek elkarren arteko maileguen interesak gutxitu zituzten. Burtsan, berriz, aurreko egunotako amiltzerik ez zen gertatu Europan -Parisko CACek %1,06 galdu zuen, %0,66 Londresko FTSEk eta %0,04 egin zuen gora DAXek-, eta Dow Jonesek apurtxo bat gora egin zuen.