Greziako krisia

Moscovici: "Programaren bukaera ez da bidearen amaiera"

Grezian azken zortzi urteak "oso mingarriak" izan dira, EBko Ekonomia komisarioaren ustez, baina "egiturazko erreformei esker", herrialdea "indartuta" dagoela ziurtatu du.

Pierre Moscovici Europako Batzordeko Ekonomia komisarioa, gaur, Greziari buruz egin duen agerraldian. OLIVER HOSLET / EFE
Ivan Santamaria.
2018ko abuztuaren 20a
07:45
Entzun

Agerraldia egin du gaur goizean Pierre Moscovici Europako Batzordeko Ekonomia eta Finantza komisarioak, Greziaren inguruan hitz egiteko. Finantza laguntza eskatu zuenetik zortzi urtera, gaur amaituko da herrialdearen azken erreskate programa.

Moscovicik onartu du Greziako herritarrentzat "urte oso zailak, oso mingarriak" izan direla. Aro berri bat irekiko dela uste du, baina dena ez dagoela eginda ere ohartarazi du: "Erreformak ez dira amaitu". Edonola ere, parterik gogorrena atzean geratu dela agindu du.

Aurrera begira ikuskaritza indartu bat ezarriko diote kreditu emaileek Greziari. Hiru hilabetean behin herrialdea bisitatuko dute haien ordezkariek, iraileko bigarren astean hasita.

Ikuskaritza, "arinagoa"

Moscovicik garrantzia kendu nahi izan dio ikuskaritza horri: "Programaren edozer baino askoz ere gauza arinagoa da". Greziari ez zaizkiola erreforma eta neurri gehiago inposatuko ziurtatu du: "Beltzezko gizonen ondoren ez dira urdinezko gizonak etorriko". Aurrentzean, batzordeak Greziari emango dion tratua "beste edozein bazkideri emandakoaren parekoa" izango da.

Kreditu emaileei buruzko "ideia faltsuak" borrokatu nahi ditu komisarioak. Haren ustez, austeritatea ez zuten eurek eragin, krisiak baizik. Gobernuak eta ekonomiak ezin zuten funtzionatu, eta horregatik "beharrezkoa" zen neurriak hartzea, "ekonomia modernizatzeko". Moscovicik onartu du "alde guztiak" egin dituztela akatsak erreskateen joanean, baina alternatiba okerragoa zitekeen, haren aburuz: "Greziak euroa utzi izan balu egoera askoz txarragoa litzateke".

Aldaketak, laster

Iragarrita dago bihar Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak irteerari buruz hitzaldia egingo duela telebistan.

Goizean, Dimitris Tzanakopoulus gobernuko bozeramailea mintzatu da irrati batean. Azaldu du herrialdeak "fase berri bat" hasiko duela gaur, eta ziurtatu du herritarrek "laster" nabarituko dituztela aldaketak.

Gobernuak uste du kreditu emaileekin hartutako konpromiso guztiak beteta dituztela, eta datorren urteko aurrekontuan 750 milioi izango dituela eskura, krisiaren ondorio latzenak pairatu dituzten herritarren kolektiboei lagundu ahal izateko. Tzanakopoulusek aurreratu du datorren hilean argituko duela Tsiprasek ditu hori zertarako erabiliko den, Salonika hirian egingo den nazioarteko merkataritza azoka batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.