Industria

Mubil sortuko dute Gipuzkoan, elektromugikortasuna garatzeko zentroa

Garraiobide elektrikoen industria koordinatu eta sustatu nahi du lurraldean.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Mubil egitasmoaren aurkezpenean. @ORAINGIPUZKOA
Iker Aranburu.
2018ko urriaren 18a
12:18
Entzun

Irizarrek, CAFek eta beste enpresa batzuk garraiobide elektrikoekin egindako lana baliatu nahi du Gipuzkoako Aldundiak lurralde hori esparru horretan aintzindari izan dadin. Eusko Jaurlaritzarekin eta Donostiako Udalarekin batera, zentro bat eraikiko du, elektromugikortasuna ikertzeko eta arlo horretan lanean ari diren enpresak eta ikerketa zentroak elkarlanean jartzeko. 2021erako eduki nahi dute prest. Zubietako Eskuzaizeta industrialdean eraikiko dute.

Tabakalerako patioan egindako aurkezpenean, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ziurtatu du garraioaren mundua aldaketa sakon baten erdian dagoela. "Paradigma aldaketa horretan jauzi egin behar dugu, potentziala baitago Gipuzkoan". Olanok espezializazioaren garrantzia azpimarratu du, aldaketak lurraldea "egokitu gabe" harrapa ez dezan.

Eraldatze horretan elkarlanean jardutera gonbidatu ditu ahaldun nagusiak euskal enpresak. CAF, Irizar edo Orona bezalako enpresek urtean 4.500 ibilgailu elektriko baino gehiago ekoizten dituztela gogorarazi du.

Mubil zentroaren "bihotza" energia biltegiratzera bideratutako laborategi bati izango da. Olanoren hitzetan, "Europa hegoaldeko garrantzitsuena izango da". Laborategiaz gain, ibilgailu elektrikoak probatzeko azpiegiturak hartuko ditu. Zerbitzu hori enpresei eskainiko zaiela aurreratu du Olanok, "haien produktuak Gipuzkoan probatu ditzaten". Sektorearen joerak aztertzeko eta profil tekniko eta profesional berrien formakuntzarako behatoki bat ere izango du zentroak.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Azpiegitura sailburua ere Mubilen aurkezpenean izan da. Adierazi duenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ibilgailuen %40 elektrikoak izatea du helburu Jaurlaritzak 2030 urterako, eta kontsumitzen den energiaren %20 berriztagarria izan dadin ari da lanean. Etorkizun urrunagora begira, Jaurlaritzaren helburua da 2100. urterako "isuri kutsakorrik" ez egotea Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.