PANAMAKO KANALA

Muga geografikoei, gainkostua

Bihar inauguratuko dute Ozeano Atlantikoa eta Barea lotzen dituen Panamako kanal berritua. Hirugarren konporta sistemak zamaontzi astunagoen garraioa ahalbidetuko du, eta salgai berriei irekiko die atea. Lanek bide arantzatsua izan badute ere, merkantzien salerosketa iraul dezakete.

Panamako kanal berrituko lehen zeharkaldia egin zuen MN Baroque ontziak, hil hasieran, proba gisa. ALEJANDRO BOLIVAR / EFE
Oihan Vitoria.
2016ko ekainaren 25a
12:12
Entzun

Eraberritzea ala hilzorira hurbiltzea. Ehun urte bete eta goia jota, beste biderik ez zuen Panamako kanalak. Txikiegi geratzen ari zen lehiakideen aldean, eta historikoki izan duen estatusari eusteko saioan, lehenaren alde egin zuen apustu 2007an, herritarren %77k sostengatuta. Garraioa hirukoizteko, hirugarren konporta sistema eraiki dute, Gatun aintziraren ondoan, eta bihar irekiko dute. XXI. mendeko proiektu garrantzitsuenen artean kokatu dute adituek.

Txinako itsasontzi batek izango du Panamako kanal eraberritua lehen aldiz gurutzatzeko ohorea. 9.400 edukiontzi garraiatzeko adina toki dauka Andronikos ontziak, eta zozketaz hautatu dute Ozeano Atlantikotik Ozeano Barera arteko zeharkaldia egiteko. Datuak ez dira makalak: urtean 350 milioi tona garraiatzen ziren lehen ubidetik, eta 600 milioi garraiatuko dituzte orain; horrez gain, 458 metroko ontzien garraioa ahalbidetuko du. Hirugarren konporta sistemari esker, ura aurreztea eta Gatun aintzira hustea saihestuko dute.

Egun, itsaso bidezko merkantzien trafikoaren %5 igarotzen da handik —Panamako BPGaren %6 dagokio—, baina ez du gehiagorako ematen. Badira urteak goia jo duela. Gero eta mardulagoak dira merkantzia ontziak, are zama astunagoak eramaten dituzte, eta ez dago toki askirik guztientzat. Horregatik egin dute hirugarren bidea, handitu ezean munduko garrantzi estrategikoa gal zezakeelako orain ehun urte eraikitako azpiegitura zaharkituak. Gehiegi zegoen jokoan.

80 kilometro 12 orduan

Ubide berriak, oro har, nabarmen areagotuko du merkantzien garraioa —14.000 milioikoa urtean—, egunean hemeretzi itsasontzik edukiko baitute bertatik igarotzeko parada. Denbora urrea da sektore horretan, eta gogotik aurreztuko dute. Gutxi gorabehera, 10-12 ordu beharko dituzte 80 kilometroko zeharkaldia egiteko. Kanala gurutzatu ezean, ia hogei egun beharko lituzkete ozeano batetik bestera pasatzeko. Salgai berriei ere irekiko die atea: orain arte ez bezala, ikatza, petrolioa eta gurtzeruak igaroko dira.

Garraiatzeko zaman ere aurrerapen handiak antzemango dituzte itsasontziek: 4.500 edukiontziko langa 12.000koa izango da hemendik aurrera. Nolanahi ere, bide berria 2030erako gainezka egon daitekeen hotsak gailentzearekin batera, hasiak dira beste bat egitea pentsatzen. Txinako hainbat enpresari entzutetsu ari dira ideia jorratzen. Ez kasualitatez: Txina da kanalaren bezero onena, AEBen atzetik.

Azpiegituraren tamainari neurria hartzen laguntzen dute datu argigarriek: 222.000 tona altzairu erabili dituzte kanala handitzeko, Parisko Eiffel dorrea altxatzeko baliatutakoa halako 22. Betoiarekin, berdin: Egipton beste bi piramide eraikitzeko adina betoi erabili dute Panaman —4,5 milioi metro koadro—. Orotara, 40 herrialdetako 11.000 behargin aritu dira.

Gainkostuetan kateatuta

2007an ekin zioten 1914an estreinatutako ubidea handitzeko lanei, baina espero baino motelago bukatu dituzte. Trabaz betetako bide arantzatsua izan dute: ia %60ko gainkostuek baldintzatuta, atzerapenak kateatu dituzte bata bestearen atzetik. Madrilgo Sacyr eraikuntza enpresak, haren bazkideek, Italiako Impregilok, Belgikako Jan de Nulek eta Panamako Cusak izan dute kanala berritzeko ardura, baina behin baino gehiagotan egon dira proiektua bertan behera uzteko zorian. Hitza bete zuten 2014an, lanak likidezia faltagatik bi astez etenda.

Sacyr buru duen Grupo Unidos por el Canal (GUPC) partzuergoak, adibidez, hainbat alditan egin du obrak eteteko mehatxua, baldin eta herrialde hartako gobernuak ez bazion bermatzen obraren gainkostua ordainduko ziola. Baina gainkostuek soilik ez, grebek eta fenomeno meteorologikoek ere belztu dute mugarri historikotzat jotako egitasmoa.

Ubidearen zabalpena 3.200 milioi dolar ingururen truke egingo zuela hitzeman zuen Sacyrrek, 2009an, kontratua eskuratzeko lehiaketa polemikoan. Inor gutxik sinistu zuen diru hori ordainduta egin zitekeenik. Baina, noski, espero bezala, eskaintza merkeena hautatu zuen gobernuak.

Madrilgo enpresak proposatutako prezioak, dena dela, hasiera-hasieratik piztu zituen susmo txarrak; lehiakideen artean, nagusiki. «Prezio horretan, porlana ere ezin da jarri», gaztigatu zuten AEBetako Bechtelen buruek, aho bizarrik gabe. Urteen poderioz, agerian geratu da Sacyrren handinahikeria, eta susmoak baieztatu dira: kostu azpiko eskaintza bat egin zuen lehiaketan gailentzeko, pentsatuta, Espainian bezala, Panamak ez zuela edukiko gainkostua ordaindu beste erremediorik.

Obrak amaituta ere, gobernuaren eta enpresaren arteko tirabira judizialek luze joko dute oraindik ere, Miamiko arbitratzeko auzitegi iraunkor bati baitagokio lanen behin betiko salneurria zehaztea. Noiz eta nola egingo duen? Sekretupekoa da. GUPCek badaki, ordea, proiektuak ziurrenik galerak eragingo dituela, eta gobernuarekin ados jartzeko itxaropena dauka, atzerapenak berreskuratzeko nahian tematuta jarraitzen duen arren. 3.600 milioi dolar galdegiten dizkio gobernuari, obren adjudikazioagatik eskatutakoaren pareko kopurua. Orotara, hortaz, 5.581 milioiko kostua izan dezakete lanek, baina oraindik bi edo hiru urte itxaron beharko da azken kopurua jakin arte. Sacyrrek geroa du ezbaian.

Espainiako enpresak kontratatuta, hainbat euskal enpresa ere aritu dira Panamako lan erraldoian: Arabako Aceros de Araia, Gipuzkoako Gruas Jaso eta Bizkaiko Angel A. Santamaria eta Prosertek. Euskal Herriko beste hainbat enpresak hornitu dituzte haiek, gainera. Eraikinen egitura metalikoak, harrobiko makineria, eraikitze lanetarako garabi handiak eta ontziak amarratzeko heldulekuak egin dituzte, besteak beste.

Panama, gozoki erakargarri

Kanal eraberrituak orain arte sortzen zuena baino are aberastasun handiagoa sortuko du Panaman: denbora eta erregaia aurrezte aldera ubide berria egunero erabiltzen duten itsasontziei milioi erdi inguruko bidesaria ezarriko diete. Etekin ekonomikoak patrikaratzeko, haatik, espero baino gehiago itxaron beharko dute, kanalaren likidezia falta batu baitzaie gainkostuei.

Latinoamerikan, gorabidean diren herrialdeen artean indartsuena da Panama: %6,5 hazi zen joan den urtean, eta, gaur-gaurkoz, inbertsio gehien egiten ari dena ere bada. Proiektu ugari ditu buruan, eta hurrengo hilabeteotan 4.000 milioi eurora arteko obrak atera nahi ditu lehiaketara; tartean, Colon hiriaren berritzea, kanalaren gaineko laugarren zubiaren eraikuntza edota hirigunea gas planta batekin lotuko duen metro linearena. Mundu osoko enpresa handien arreta bereganatu du horrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.