"Gure historian hau da enplegu garbia sortzeko inoiz hartu den neurri handiena”. Hitz biribil horiekin defendatu du Mariano Rajoy Espainiako presidenteak gizarte kotizazioen jaitsiera kontratu berrientzat. Enpresei egingo die mesede: kontratu mugagabea egiten dioten langile bakoitzeko ehun euro kotizatuko dizkiote Gizarte Segurantzari, gaur egun kontingentzia arruntetarako batez beste kotizatzen dutenaren laurden bat.
Adin guztietako langileentzat izango da, eta soilik enplegu garbia sortzen denerako balioko du, hau da, enpresa horren langile kopurua handitzen badu. Ikusteko dago zehazki nola neurtzen den zer den langile kopurua handitzea —behin-behineko langileak nola zenbatzen diren—.
Enpresa batek langile bat kontratatu eta hiru urtera behargin hori mantenduko ez balu, kotizazioetan aurreztutakoa itzuli beharko lioke Gizarte Segurantzari.
Gainera, kotizazioen tarifa finkoa baliatu nahi duten enpresek ezin izango dituzte kaleratze bidegabeak egin kontratu berria sinatu aurreko sei hilabeteetan. Horrekin eragotzi nahi dute enpresa batek langileak kaleratzea ondoren langile merkeagoak kontratatzeko.