Fiskalitatea

Multinazionalen zerga oinarria bateratu nahi du EBk, irabazien ihesa eragozteko

Enpresek aitorpen bakarra egin behar izatea da Bruselaren azken helburua, ondoren sozietate zerga ordaintzeko herrialde bakoitzean egindako negozioaren eta indarrean dagoen tasaren arabera.

Pierre Moscovici EBko Ekonomia eta Finantza gaietarako komisarioa, sozietate zerga erreformatzeko neurrien aurkezpenenean. OLIVIER HOSLET / EFE
Ivan Santamaria.
2016ko urriaren 26a
11:45
Entzun

Enpresen zergapetzeari beste astindu bat eman nahi dio Europako Batzordeak, eta zerga ihesaren aurka iragarrita dauden neurriak osatu nahi ditu proposamen batekin. Funtsean, lehen fase batean, Bruselak bateratu egin nahi du konpainien irabaziak zergapetzeko orduan erabiltzen den sistema, eta bigarren fase batean, irabaziak eta galerak Europa mailan kalkulatu ahal izatea.

Zerga oinarri komun bat adosteko hirugarren saialdia da. Orain dela bost urte antzeko erreforma bat gauzatzen saiatu zen Europako Batzordea, baina porrot egin zuen. Egindakotik ikasi dutela, eta proposamen berria ez dela hura bezain konplexua azaldu du Pierre Moscovici Ekonomia eta Finantza gaietarako komisarioak. Zerga ihesaren aurka nazioartean sortu den giroa baliatu nahi dute erreforma gauzatzeko.

Araudi berria bete beharrekoa izango da 750 milioi euro baino gehiago fakturatzen dituzten enpresentzat. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak ezarritako muga da hori. Multinazional horiek dira aukera handienak dituztenak zerga ingeniaritzaren bidez irabaziak herrialdeen artean mugitzeko eta gutxiago edo ezer ere ez ordaintzeko. Zerga oinarri bateratu batekin ateak itxi nahi dizkio Bruselak herrialdeen zerga legedien arteko desorekak baliatzeko aukerari. Europako Batasunaren barruan mugitzea ez ezik, irabaziak kanpora ateratzea ere trabatuko zaie konpainiei, gehiegikerien aurkako klausulak ezarrita.

Moscovicik argi utzi du aldaketa hau ez dela lehen urrats bat sozietate zergaren tasa harmonizatzeko, ezta ere gutxieneko tasa bat indarrean jartzeko. Herrialde ugari daude horren aurka. Herrialde bakoitzean enpresek duten negozioaren arabera ordainduko dituzte zergak. Zenbat den kalkulatzeko, hiru elementu hartuko dira kontuan: aktiboak, langileak, eta salmentak.

I+G egitasmoetarako kenkari handia

Proposamenari beste atal ba gehitu dio Bruselak, uzkur diren gobernuak limurtzeko asmoz. Ikerketa eta garapenean egiten den inbertsio osoari kenkari bat ezartzeko aukera ireki nahi die enpresei Europako Batzordeak. Kenkari hori %200 izango da start-up enpresen kasuan. Halaber, kenkari bat izango dute enpresaren balantzea baliabide propioekin indartzen dituztenek. Europan inbertsioak duen ahuleziari bultzada bat emateko tresna gisa justifikatu ditu Moscovicik laguntza horiek.

Batzordeak egindako kalkuluen arabera, proposamena osorik onartuta 11.000 milioi gutxiago bilduko dituzte herrialdeek zergetan (BPGren %0,08). Sozieate zergan 36.000 milioi gutxiago izango lirateke, baina galera konpentsatuko luke beste zerga batzuetan espero den 25.000 milioiren hazkundeak, neurri bateraino. Haatik, banaketa ez da berdina izango herrialdeen artean. Luxenburgok bilketaren %1 galduko luke, esaterako. Hortik egon daitekeen erresistentziari nola emango zaion buelta ez du argitu Moscovicik.

Kalkulu horren barruan aintzat hartu dira aktiboak filialen artean mugitzeko transferentzia prezioak, baina ez zerga faktura murrizteko aukera eman duten beste trikimailu batzuk. Horien ondorioz, urtero 50.000 eta 70.000 milioi bitarte galtzen dituzte herrialdeetako ogasunek. Diru horri heltzea da zerga ihesaren aurkako estrategia guztiaren helmuga.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.