Krisi garaian aukera handiagoak izaten direla uste duFrancisco Gonzalez BBVAko presidenteak. Mugarik gabeak ia. «Erronkak sekulakoak dira gaur egun, baina gure taldearen historiako aukerarik onena daukagu orain munduko banku unibertsalik onena bihurtzeko», esan zuen Gonzalezek, atzo, BBVAren akziodunen batzarrean, Bilboko Euskalduna jauregian.
Iazko emaitza onetan oinarritu zen etorkizuneko nahi handiuste hura egiteko. 21.000 milioi euroko irabazi garbia izan zuen, 2009an baino %1,2 gehiago. Datu hauek BBVAren historiako onenak direla nabarmendu zuen, akziodunen txalo zaparradaren erdian. Berankortasun tasari dagokionez, finantza erakunde gehienentzat hazten ari den garaiotan, BBVArenak behera egin zuen, 2009ko %4,3tik iazko %4,1era. Kaudimen tasak gora egin zuen eta %9,6koa da.
Datu horien ondorioz, BBVAko akzio bakoitzaren balioa igo egin da. Era horretan, apirilean egingo den hurrengo ordainketan, akziodun bakoitzak 0,42 euro jasoko du akzio bakoitzeko.
Espainiako Gobernuak hartutako hainbat neurri egokiak dira Gonzalezentzat. Norabide ona dutela uste du. «Espainiako ekonomiak baliabide nahikoa dauzka krisitik ateratzeko, baina onartutako erreformak abiatzeko unean azkar jokatu behar du», esan zuen atzo.
Ildo horretan, pentsio sistema publikoaren erreforma eta defizit publikoa murrizteko hartutako erabakiak positibotzak jo zituen; baina onartutako erreforma batzuk eskasak direla ere azpimarratu zuen, lan erreforma, esaterako.
Erreforma horiez gain, aurrezki kutxen berregituraketa egiten hasi izana goraipatu zuen. Dena den, «azkar eta zorrotz» egin behar dela nabarmendu zuen BBVAko presidenteak. Hala ere, arazoak hor jarraitzen du Gonzalezen hitzetan, «Espainia ez baita behar bezain beste hazten». 4,7 milioi pertsona lanik gabe egoteak —gazteen %43ak— gizarte gastu handia eragiten duela eta horrek etorkizunean eragin latzak izan ditzakeela. Horregatik, Espainia modernizatzeko plan estrategiko bat eskatu zuen.
Salaketak Euskalduna atarian
Akziodunen batzarra hasi baino lehenago, BBVAren aurkako plataformako kideek pintura gorria bota zioten euren buruari. Bankuak arma industrian dauzkan inbertsioak salatu nahi izan zituzten. Gizartearekin konpromisoa duela esatea «aurpegia garbitzeko modua» dela salatu zuten.
LAB sindikatuarentzat, berriz, «lotsagarria» da «lotsa barik» sekulako irabaziak banatzea, bankuek eragindako krisia langileek sufritzen duten bitartean.
«Munduko banku unibertsal onena» nahi du Gonzalezek
BBVAko presidenteak Espainiako Gobernuaren erreformak txalotu ditu akziodunen batzarrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu