Munduko Bankuak bioerregaiei egotzi die elikagaien garestitzearen %75

Elikadurarako laboreak hartzea, nekazaritzako lurrak kentzea eta espekulazioa bultzatzea leporatu die

jakes goikoetxea
2008ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Elikagaiak %140 garestitu dira 2002tik aurtengo otsailera munduan. Eta igoera horren %75 bioerregaiek eragin dute, Munduko Bankuaren txosten baten arabera. «Bioerregaien hazkunderik gabe, munduko gari eta arto stock-ak ez lirateke nabarmen jaitsiko, eta beste faktore batzuek eragindako prezioen igoerak apalagoak izango lirateke», dio txostenak.

Txostena Munduko Bankuarena da, eta apirilaren amaitu zuen, baina ez du Mundu Bankuak kaleratu, The Guardian egunkari britainiarrak baizik. Munduko Bankuko iturriek kazetariari esan diote txostena gorde egin zutela, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) gatazka saihesteko. Izan ere, AEBetako Gobernuak elikagaien prezioak %3 igotzea egozten dio bioerregaien ekoizpenari.

Munduko Bankuaren txostenak dio bioerregaien produkzioak hiru modutara distortsionatu duela elikagaien merkatua: alde batetik, lehen elikatzeko erabiltzen ziren zerealak bioerregaiak ekoiztera bideratuz; bestetik, nekazariak bioerregaiak ekoizteko lurra jasotzera behartuz; eta zerealen espekulazioa bultzatu eta prezioak garestituz. Gaur egun bioerregaiak egiteko erabiltzen da AEBtan ekoizten den artoaren herena eta Europako Batasuneko landare olioen erdia inguru bioerregaiak ekoizteko erabiltzen dira.

Elikagaien garestitzea azaltzeko bestelako faktoreak ere aipatzen dira: Indiaren eta Txinaren hazkundearen ondorioz bertako elikagai eskari handiagoa, Australiako lehorteak edo petrolioaren garestitzea. Munduko Bankuaren txostenaren iritziz, ordea, ez dira hain garrantzitsuak. «Garapen bidean dauden herrialdeen hazkunde azkarrak ez du eragin zerealen kontsumoa handitze nabarmena eta ez da faktore nagusienetakoa elikagaien prezioaren hazkundea azaltzeko». Txostenaren arabera, energiaren eta ongarrien prezioaren hazkundeak elikagaien garestitzearen %15 eragin dute. Munduko Bankuaren iritziz, bioerregaien aldeko AEBen eta Europako Batasunaren apustuak eragin du elikagaien garestitzea.

Erabaki horrek munduko hainbat lekutan ondorio larriak izan dituela ohartarazi du Munduko Bankuak txostenean. Besteak beste, ehun milioi pertsona pobreziara eramatea edo Egipton eta Sri Lankan istiluak sorraraztea.

Munduko zortzi herrialde industrializatuenetako ordezkariakdatorren astean bilduko dira Hokkaidon (Japonia) eta elikagaien garestitzea ere aztertuko dute.

«Badirudi buruzagi politiko batzuek murriztu egin nahi dutela edo ez dutela ikusi nahibegien bistakoa dena: bioerregaiak oso faktore garrantzitsua direla elikagaien prezioaren garestitzean», esan dio The Guardian-i Robert Baileyk, Oxfam GKEen federazioko aholkulariak.

Atzerapen eske

Munduko zenbait erakundek bioerregaien ekoizpena atzeratzea eskatu dute. Jean Ziegler Elikaduraren Eskubiderako Nazio Batuen Erakundeko ordezkari bereziak bost urteko atzerapena eskatu zuen iazko urrian bioerregaientzat, goseteak hedatzen laguntzen ari direlako. Bost urtean bioerregaietarako baliatuko diren laboreekin lur berririk ez landatzea eskatu zuen. Zieglerrek eskatu zuen bioerregaiak ekoiztekotan elikadurarako erabiltzen ez direnetatik sortu behar direla.





############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.