Ekonomia globala "kemena" irabazten ari dela baieztatu du NDF Nazioarteko Diru Funtsak; baina, hala ere, belarritik tenk egin die bai Erresuma Batuari eta bai AEB Ameriketako Estatu Batuei. Izan ere, bi herrialde horien aurreikuspen ekonomikoak okertu egin ditu erakundeak, eta nazioarteko ekonomiaren hazkunderako arriskuzko faktoreen zerrendan sartu ditu.
2017an %3,5 haziko da ekonomia mundu mailan, eta %3,6 2018an. Udako txostena aurkeztu du gaur NDFk, eta apirilean egindako aurreikuspenak hobetu ditu: "Ez dago zalantzarik munduko ekonomia kemena irabazten ari dela". Bereziki, garabidean diren herrialdeek eta euroguneko hainbat ekonomiak sustatu dute hazkundea, eta, batez ere, nazioarteko ekonomiaren indartzeak eta produkzio industrialak hauspotu du gorakada.
Garabidean diren herrialdeetan BPG barne produktu gordina %2 handituko da aurten, eta %1,9 datorren urtean; garabidean diren herrialdeetan, berriz, %4,6 aurten, eta %4,8 2018an. Hazkundea bereziki herrialde hauek indartu dute, NDFren arabera: Japoniak, Txinak, euroguneak eta Mexikok. Eta horien indarraldiak AEBen pattalaldia konpentsatu dute.
Bost arrisku, hala ere
NDFren aburuz, Donald Trumpen zerga politika da AEBen hazkunde ekonomikorako ziurgabetasun arrazoi nagusia, eta horregatik txikitu du herrialde horren ezkundea %0,2 (2017rako) eta %0,4 (2018rako). Zergak txikitzeko asmoa dauka Trumpek, baina NDFk ez du argi ikusten horrek sor dezakeen kontsumo igoerak diru bilketaren jaitsiera berdinduko ote duen, kontuan izanik aldi berean gastu publikoa ere txikitu nahi duela.
Lehen hiruhilekoan, espero baino hazkunde handiagoa izan dute Alemaniak, Espainiak, Frantziak eta Kanadak, eta horregatik igo die aurreikuspena NDFk. Jaitsi egin dizkio, aldiz, Erresuma Batuari, espero baino motelago ari delako hazten.
Hazkunde datuak onak izan arren, aurerra begirako bost arrisku zerrendatu ditu Christine Lagardek gidatutako erakundeak: lehenik, brexit-ari buruzko negoziazioek sortutako ziurgabetasuna; bigarrenik, AEBen diru eta zerga politikak; hirugarrenik, Txinako kreditu hedapenak eragindako tentsio finantzarioak; laugarrenik, euroguneko bankaren egonkortasuna; eta, azkenik, finantza sektorearen desarautzea.