Eta martxoaren 30ean zer? Greba orokorrera deitzen denean biharamunaz ere galdetu ohi da, egun osoko mobilizazio erraldoiaren osteko bideaz. ELAk garbi dauka:
mobilizazioez gain, «enpresak sindikalizatzea». Langileek gogoeta bat egitea nahi du sindikatuak: «Lan erreformari eta lan erreformak enpresariei ematen dien botereari aurre egin dakioke, enpresak sindikalizatuz». Sindikatuen indarra enpresetan gehiago zabaldu behar dela eta langile gehiago erakarri behar dituztela uste du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak.
Lan erreforma deitzen zaio Espainiako Gobernuak onartutako aldaketari, baina zuzenean eragiten dio negoziazio kolektiboari ere. ELAk agerraldia egin zuen atzo Donostian, negoziazio kolektiboan dituen ondorioak zehazteko eta salatzeko.
Greba orokorrak erantzun kolektiboa emango dio lan erreformari, baina lan erreformaren ondorioak enpresaz enpresa nabarituko dira. Lan erreformak berak lehentasuna ematen die enpresetako hitzarmenei, eta indargabetu egiten ditu probintzietako sektore hitzarmenak.
Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak ere greba orokorraren osteko egoeraz hitz egin zuen atzo. Enpresetako borrokaren garrantziaz: «Erreforma ez dute Madrilen geraraziko. Ez dute elkarrizketa sozialaren bitartez geraraziko. Enpresetan erreforma geratzea lortuko dugu».
Negoziazio kolektiboa aberastasuna banatzeko tresna bihurtu beharrean bakarrik murrizketak egiteko tresna bihurtu dutela salatu zuten atzo Muñozek berak eta Joseba Villarreal Negoziazio Kolektiboko arduradunak. Fatima Bañez Espainiako Lan ministroaren iritziz, aldiz, negoziazio kolektiboa «modernizatu» eta «dinamizatu» dute. Gainera, «klase borroka erabat gaindituta» dagoela uste du ministroak.
Lan erreformaren lehen balorazioetan asko aipatu da kaleratzeak merkatu eta erraztu dituela. Negoziazio kolektiboari buruzko neurrien garrantzia nabarmendu zuen, ordea, Villarrealek. Haren iritziz, «hankaz gora» jarri dute orain arteko negoziazio kolektiboaren eredua.
Ultraaktibitaterik ez
Nola? Hasteko, ultraaktibitatea bi urtera mugatuta. Hau da, lan itun bat agortu eta bi urtean berritzen ez bada, ituna osorik bertan behera utzita. Dena hutsetik negoziatu beharko da berriro. «Ultraaktibitatea desagertu egin da», Villarrealen iritziz, «ultraaktibitate mugatua ez baita ultraaktibitatea».
Probintzietako sektore hitzarmenak jada ez dira gutxieneko lan baldintzak izango. Enpresek horiek baino lan baldintza kaskarragoak onartu ahal izango dituzte. «Jauzi kualitatibo garrantzitsua» da, Villarrealren iritziz.
Gainera, enpresariei langileekin hitzartutakoa ez betetzeko erraztasunak «oparitu dizkiete».Hiru hiruhilekotan diru sarrerak edo salmentak jaistea, esaterako. Enpresariak langileekin akordioa lortzen ez badu, «akordioa inposatuko du derrigorrezko arbitrajearekin».
Enpresariek behin eta berriro eskatu dute malgutasuna, enpresetako jarduera egoera berrietara egokitzeko. Villarrealentzat malgutasuna baino gehiago da: «Enpresariak nahi duena egin ahal izango du langilearekin».
Lan erreforma iritsi da enpresetara. ELAko ordezkariek diote enpresak langileei xantaia egiten eta beldurra eragiten ari direla, lan erreforma baliatuta: «Beldurra sortzen ari dira, beldurra errentagarria baita». Sindikatuek, Muñozen arabera, errealitate hori kudeatu behar dute.
Gueñesko (Bizkaia) Konekta BTOrena da adibidea (Iberdrolaren telemarketin azpikontratua). 11 langile kaleratu eta zazpi lantokiz aldatu nahi ditu, lan erreforma baliatuta. Irantzu Llamosas eta Leire Sanz-Ezkerra LABeko ordezkariek hamahiru egun daramatzate gose greban, egoera salatzeko. Etxaide bi ordezkariekin izan zen atzo. «Iberdrolak dorreak eraikitzen ditu, langileen esplotazioan oinarritutako zutabeen gainean», salatu zuen.
Lan erreformaren lehen ondorioetako soldatak jaistea izango dela nabarmendu zuen Muñozek. Espainiako Gobernuak patronalari horretarako tresnak eskaini dizkio, haren arabera. Atzeraldi egoeran, soldatak jaitsita, langabezia handituko dela uste du, «baina erreformaren bultzatzaileei bost axola zaie enplegua eta langabezia».
Autonomoak, alde
Espainiako Gobernua eta patronalak ez dira lan erreformaren alde dauden bakarrak. Baita Langile Autonomoen Elkarteen Espainiako Federazioa ere. Lorenzo Amor elkarteko presidentea Gasteizen izan zen atzo. Lan erreforma goraipatu zuen, ekintzaileentzako kontratuen bidez lanpostuak sortuko dituztelako. «Orain arte», Amorren arabera, «Espainian errazagoa izan da langileak kaleratzea aparteko bi ordainsariak kentzea baino».
Greba orokorrerako astebete falta da. Batzarretako giroa ikusita, «arrakasta» espero du Muñozek, «langileek eta gizarteak ulertu dutelako mezua, badakitelako asko dagoela jokoan eta kalera atera behar dela erreforma geratzeko».
Sindikatuak lanean ari dira martxoaren 29ko greba orokorrari begira, baina martxoaren 30aren zain ere badaude, egun horretan Espainiako Gobernuak aurrekontuak ere onartuko dituelako baizik. Murrizketa gehiago espero dituzte. «Datorrena oso gogorra da; ziurrenik ez gara jabetzen datorrenaren neurriaz», Muñozen iritziz.
ELAko idazkari nagusiak uste du Espainiako Gobernuak administrazio guztiak behartuko dituela murrizketa gehiago aplikatzera, oinarrizko arau gisa onartuta.
Muñoz: «Enpresak sindikalizatuz aurre egin dakioke lan erreformari»
Lan erreformaren kontra enpresetako borrokak duen garrantzia nabarmendu dute ELAko eta LABeko idazkari nagusiekAraudi berriak negoziazio kolektiboa «hankaz gora» jarri duela uste du ELAk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu