Kontu publikoak

Muñoz: "Gezurra da aurrekontu sozialenak direla"

Eskubide Sozialen Gutunak ekitaldia egin du Gasteizen, aurrekontu sozialak eskatzeko, eta edukia 155. artikuluaren ezarpena babesten dutenekin ez onartzea exijitzeko.

Eskubide Sozialen Gutunaren elkarretaratzea, gaur, Gasteizen. ARGAZKI PRESS
Ivan Santamaria.
2017ko azaroaren 21a
12:30
Entzun

Mendizorrotzako kiroldegian ehunka pertsona bildu dituzte gaur goizean Eskubide Sozialen Gutuna babesten duten sindikatu eta gizarte eragileek. Aurrekontu "burujabe, sozial eta parte-hartzaileen" alde antolatu dute mobilizazioa. Besteak beste, ELAko eta LABeko idazkari nagusiek, Adolfo Muñozek eta Garbiñe Aranburuk, hartu dute hitza. Ekitaldia amaituta, manifestazioa egin dute Eusko Legebiltzarreraino.

ELAko idazkariaren ustez, aurrekontuei buruzkoa ez da eztabaida taktiko bat, sakonekoa baizik. "Gogor egin behar zaio aurre", ohartarazi du. Legebiltzarrean ematen ari den eztabaida "antzerkia" iruditzen zaio, gainera. "Aurrekontua eginda dago", ziurtatu du, eta EAJ, PSE-EE eta PP ados jarriko diren zalantzarik ez du.

Eusko Jaurlaritzak inoizko aurrekontu sozialenak direla esanez emandako mezuari zorrotz erantzun dio Muñozek. "Gezurra da aurrekontu sozialenak direla", esan du, eta datu batzuk eman ditu bere jarrera argudiatzeko. Esaterako, 2009. urtean baino 233 milioi gutxiago gastatzen dira osasunean, 108 milioi gutxiago hezkuntzan edo 80 milioi gutxiago etxebizitzan. Urte berean Jaurlaritzaren gastuak BPGari egindako ekarpena %15 izan zen, eta aurtengoa, berriz, %12,8.

Espainiako Konstituzioaren 135. artikuluak eta Espainiako Aurrekontu Egonkortasun Legeak baldintzatutako aurrekontuak dira, ELAren aburuz. "Jendek badaki zer den MTV, baina ez daki zer den gastu-araua", azpimarratu du sindikatuko idazkari nagusiak. "Basakeria" iruditzen zaio gastu-araua Muñozi. "Murrizketak justifikatzen zituzten diru bilketa jaisten ari zelako. Orain bilketa handitzen ari denean, gastu-araua ateratzen dute, eta bildutako hori ezin da politika sozialetarako erabili".

Urkulluri politika horren bidelagun izatea leporatu dio ELAko idazkariak, pasa den uztailaren 11n Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Kontzertuari eta kupoari buruz sinatu zuten akordioetan jasotzen delako gastu-araua. Arau horrek ezartzen du aurrekontuaren gastu ez finantzieroa zenbat igo daitekeen urte batetik bestera, Espainiako hazkunde potentziala erreferentzia gisa hartuta. Urratzen duten administrazioek egoera onbideratzeko finantza plana egin behar dute —Jaurlaritzak egin behar izan zuen iaz—, eta Ogasun Ministerioa ados ez badago, kontuetan esku-har dezake, Madrilgo Udalarekin gertatu den gisara.

LAB: PSE-EErekin eta PPrekin apurtzea

Aurrekontu proiektuaren negoziazioa hartu du Garbiñe Aranburu LABeko idazkariak EAJri kritika zuzena egiteko. "EAJk hasieratik nahi izan du aurrekontuak PSErekin eta PPrekin adostea. Erabakitzeko eskubidea defendatzen duela dioen alderdi batek eskubide hori ukatzen dutenekin onartu nahi ditu aurrekontuak". Aranburuk jeltzaleei exijitu egin die harreman horiek apurtzea, horien artean sozialistekin indarrean duen gobernu akordioa bera: "Ezin ditu akordioak egin PSErekin eta PPrekin, eta ezin dizkie eutsi PSErekin dituen gobernu akordioei".

Aranbururen ustez, EAJk eta PSEk onartutako zerga erreforma, "ez da behar duguna". Gainera, PP erakartzeko egin daitezkeen aldaketak "okerrerako" izango direla ziurtatu du. Sozietate zergaren tasa nominalari soilik ez begiratzeko eskatu, gainera. "Europako Batasunean BPGren %2,5 biltzen da sozietate zergarekin, batez beste,  eta hemen %1,5. Gehiago murriztea nahi dute. Hori da aurpegia".

Aurrekontuei dagokionez, izaera sozialarik ez dute, LABeko buruzagiaren aburuz: "Aberastasun banaketa orekatuagoarik ekarriko ez duten aurrekontuak dira". Elte ekonomikoen "neurrira" egindako kontuak direla uste du, eta parte-hartze sozialik gabe egin direla salatu du: "Langileoi hitza emanez gero, aurrekontu hauek ez ziren posible izango".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.