Muñoz: «Murrizketekin jarraitzea adostu zen finantzen kontseiluan»

Espainiak ezarritako defizit publikoaren muga ez onartzeko eta zerga erreforma egiteko eskatu die ELAk erakundeei'Opor fiskalen' eztabaida kontseiluaren erabakiak ezkutatzeko erabili dela esan du

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Datorren urtean murrizketen agendarekin jarraituko dela ohartarazi du ELAk. Aste honetan egin den Finantzen Euskal Kontseiluan, Espainiako Gobernuak 2013rako erkidego autonomoei ezarri dien %0,7ko defizit publikoaren muga onartu dela salatu du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak, «eta horrek murrizketak ekarriko ditu». Izan ere, defizit muga horrekin, «gastua 523 milioi euro txikiagoa izango da, eta hurrengo urteko diru sarrerak ere 300 milioitan jaitsiko dira», Mikel Noval arlo sozialeko arduradunak zehaztu duenez. Beraz, finantza kontseiluan lortutako akordioak denetara 823 milioi euroko murrizketak eragingo ditu ELAren datuen arabera. Hori saihesteko, aldaketak eskatu ditu Muñozek: «Estatutu eguna ospatu, edo ETBko eguraldi mapa aldatzea baino erreforma handiagoak behar ditugu».

Finantzen Euskal Kontseilua Legebiltzarrerako hauteskundeak egin eta bi egunera bildu da. Muñozentzat, larria da «hauteskundeetan zerga politikaren inguruko proposamen ugari entzun, eta, hauteskunde gaua behin igarota, bilera horretan inork zerga erreformarik eskatu ez izana». Beraz, murrizketak egin beste biderik ez dela geratzen ohartarazi du. Eta austeritatearen bidea eragozteko zer egin behar zen? «Defizit publikoaren muga ez onartu, eta zerga politika aldatzeko bideak zabaldu», Novalen esanetan. Izan ere, diru sarreren aurreikuspenarekin zerga sistema aldatzeko aukerei muzin egiten zaiela ziurtatu du.

Krisi egoeran «behar sozialak politika neoliberalen gainetik» jartzeko eskatu du Muñozek, horretarako «behar diren aldaketak» eginez. Sindikatuak, egoera hori lortzeko, urte hasieran zerga sistema aldatzeko hasi zuten mobilizazioen kanpainari jarraipena emango diola aurreratu du.

Arreta desbideratzen

Finantzen Euskal Kontseiluaren bileran, ordea, eztabaida gehien sortu zuen gaia opor fiskalen auzia izan zen. Enpresak ogasunei 90eko hamarkadan jaso zuten laguntza fiskalak itzultzen hasi dira, eta orain arte 309 milioi euro bildu dituzte. Eztabaidaren abiapuntua diru horretatik 215 milioi Eusko Jaurlaritzari itzultzea izan zen. Araba eta Bizkaiko foru aldundiek —PP eta EAJren eskuetan hurrenez hurren— ezezko jarrera erakutsi zuten, baina Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak —PSE-EE eta Bildu— aldekoa izan zuten. Muñozen esanetan, «eztabaida hori erabili dute kontseiluak hartutako erabaki larriak gizartearen aurrean ezkutatzeko». Alde horretatik, Araba eta Bizkaiko aldundien jarrera gaitzetsi du, eskandaluzkoa delakoan.

Auzi horrek, gainera, Finantzen Euskal Kontseilutik kanpo zeresana ematen jarraitzen du. Bilduren Bizkaiko Foru Aldundiko taldeak Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiaren agerraldia eskatu du Batzar Nagusietan «opor fiskalen dirua nora bideratzeko asmoa zuen» argitzeko. Markel Olano EAJko batzarkideen eledunak, berriz, Bildu eta PSE-EE alderdien jarrera salatu du, eta honakoa galdetu: «Zer gertatuko litzateke Luxenburgoko Tibunalak foru aldundiei arrazoia emango balie, eta opor fiskalen itzuleratik bildutako dirua enpresei itzuli beharko balieke?». Kontseiluaren erabakia «arriskutsua» dela esan du, behin betiko epairik ez dagoelako oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.