Aste honetan bertan diskrezioa eskatu du Iñigo Urkullu lehendakariak zerga erreformari buruz eztabaidatzeko garaian. Baina Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren ustez eztabaida horrek publikoa izan behar du, eta lehendakariak egindako beste adierazpen batzuk salatu ditu gaur goizean: “Zergen inguruko eztabaida ideologia alde batera utzita egin behar dela dio, eztabaida tekniko bat delako; euren diskurtsoa, gurea bezala ideologia da”. Eta hain zuzen, jeltzaleei gogora ekarri die eskuineko jendea dela, eta “eskuineko gauzak” egiten dituztela. Horregatik konparatu ditu agian Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak sozietateen zerga jaisteko emandako argudioak Donald Trump AEBetako presidentearen eta Emmanuel Macron Frantziako presidentearen diskurtsoarekin. “Zerga politika enpresak erakartzeko tresna dela dio, baina hori baino gehiago da; zerbitzu publikoak bermatzeko tresna bat da”.
Adierazpen horien aurretik Mikel Noval arlo sozialeko idazkariak Hego Euskal Herriko zerga sistemaren inguruko xehetasunak eman ditu. Bertako presio fiskala Europako Batasuneko bataz bestekoa baino 7,7 puntu txikiagoa dela esan du, eta bataz besteko horretara gerturatuz gero -%31ko presioa dago Hegoaldean-, 6.778.9 milioi euro gehiago bilduko lituzkete ogasunek. Iruzur fiskalaren aurka ere gogor jo du Novalek: “Enpresen %78,1ak sozietateen zergan galderak edo urtean 6.000 eurotik beherako etekinak aitortzen dituzte; datu horrek agerian uzten du soldatapekoak ez diren errentetan dagoen iruzurra”. Alegia, enpresek dituzten irabazien zati handi bat atzerrira doazela salatu du.