Sabino Cuadra. Espainiako Kongresuko Amaiurreko diputatua

«Murrizketa ekonomikoekin batera, giza eskubideak murrizten ari dira»

jon olano
2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Borraz jo zuten herenegun Sabino Cuadra Espainiako Kongresuko Amaiurreko diputatua, eta argazkia atzoko zenbakiko azalera eraman zuen Londresko Financial Times egunkariak. «Kolpe arinak dira», esan dio BERRIAri.

Zer gertatu zen atzo? Zer dela-eta jo zintuzten?

Bi liskartxo izan nituen atzo. [Iruñeko] Alde zaharrekoa naizenez, bertako piketearekin irten nintzen handik, eta gero, autobus geltokirantz joan ginen, inolako arazorik gabe. Han ikusi nuen gazte bat, Polizia hura atxilotu nahian zebilela. Galdezka hurbildu nintzen, ea zergatik atxilotzen ari ziren, nik ikusi bainuen ez zuela ezer egin, eta beraz, ez zegoela hura atzemateko arrazoirik. Diputatua nintzela esanez hurbildu nintzaion poliziari, eta azalpenik eman gabe, borrakada bat eman zidan. Kongresuko karneta erakutsi nion, eta eskatu nion mesedez erakusteko identifikazio zenbakia, ez baitzeraman bistan, beharrezkoa den moduan. Urduri samar jarri zen, eta ihes egin zuen. Atzetik joan nintzen, eta, eztabaidatu ondoren, eman zidan zenbakia.

Bigarrena El Corte Ingles ondoan izan zen. Istilutxo bat sortzen hasi, eta nire sindikatuko kide bat [Expe Iriarte] ikusi nuen lurrean, kolpeak hartuta. Hurbildu nintzaien poliziei, karneta erakutsiz. Eta, argitaratu den argazki horretan ikusten denez, polizia kolpeka eta bultzaka hasi zitzaidan, diputatu karneta aurrean bazuen ere. Eskatu banion ere, polizia horrek ez zidan zenbakia eman; haren nagusia identifikatu zen. Espainiako Polizia izan zen.

Zer pentsatu duzu Financial Times-en azala ikustean?

Pentsatu dut zergatik fiskalak ez duen deus egin. Diputatu baten kontrako eraso bat da, eta beraz, Zigor Kodean ageri den delitu bat. Fiskalak, epaileak, gobernadore zibilak, zergatik ez dute ezer egin? Ez didate deitu nola nagoen galdetzeko ere.

Istiluak izan ziren Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Madrilen ere Polizia manifestariei oldartu zaie. Nola baloratzen dituzu gertakari horiek?

Uste dut aurreko gobernuarekin eta oraingoarekin antzeko jarrera zuela Poliziak, baina PPk eginiko murrizketa ekonomikoekin batera, giza eskubideekin ere murrizketak egiten ari direla.

Zigor Kodean delitu batzuk gogortuko zirela esan zuten, eta manifestazioekin eta halako ekitaldiekin zerikusia duten ekintzak zigortuko dituzte gogorrago. Nik uste dut paralelismo hori badagoela: murrizketa sozialekin batera, murrizketa demokratikoak egiten ari dira, eta horrekin batera, Poliziaren jarrera gero eta basatiagoa. Oso nabarmena da indarkeria nola igo den.

Salatu nahi dut greba honen kontra Poliziak erabilitako bortizkeria. Adibidez, kide batospitalean dugu, bista galtzekotan. Nik jasotako kolpeak testuinguru horretan baino ez dira gertatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.