Defizit eta zorpetze publikoa azkarregi jaisteko obsesioarekin kalte egiten ari zaio ekonomia errealari. Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) 2012. eta 2013. urterako hazkunde aurreikuspenak nabarmen murriztea erabaki du, eta, besteak beste, kontu publikoak orekatzeko neurrien erritmoa moteltzera aholkatu ditu merkatuetan presio gutxien dituzten herrialdeak.
Zeharo gaiztotu da giroa. Eurogunea da horren paradigma. 2012.urtean ekonomia %0,5 uzkurtuko dela dio orain NDFk, nahiz eta joan den urteko irailean %1,1 haziko zela kalkulatu zuen. Norabide aldaketaren arrazoia ekonomia nagusien moteltzean dago, eta, batez ere, murrizketarik gogorrenak egiten ari diren herrialdeek izango dituzten erorketa esanguratsuetan. Italiarentzat eta Espainiarentzat bi urterako atzeraldia espero du NDFk. Aurten barne produktu gordinak %2,2 atzera egingo du Italian, eta %1,7 Espainian.
Aurreikuspen berriek agerian utzi dute Europan ezarri ziren defizit helburuak betetzea ezinezkoa izango dela herrialde askotan. Erreskatea jaso duten herrialdeak alde batera utzita, 2013. urterako defizita %3ra mugatzeko konpromisoa hartu zuen EBko kide bakoitzak. NDFren arabera, Espainia urrun geratuko da lortzetik, baina baita Frantzia edo Erresuma Batua ere. Azken horren kasuan, defizita %3tik jaisteko unea 2014-2015ko urtera atzeratu zuen. Alemania, berriz, bere gobernuko defizita osorik ezabatzea lortzeko zorian egongo da datorren urterako.
Tarte gehiagorik ez
Defizita kontrolpean jartzeko asmoz Europako Batasunak ezarri zuen egutegi estuari buruzko zalantzak areagotu zituen NDFk. Luze gabeko helburuen gainetik, garrantzitsuena luzera begirako estrategiak garbi izatea dela irudikatzeko adibide oso grafikoa eskaini zuen Olivier Blanchard funtseko kontseilariak. «Zerga defizita maratoia da, ez abiadura lasterketa bat». Bigarren Mundu Gerraren ondoren kontu publikoak orekatzeko bi hamarkada behar izan zirela azpimarratu zuen.
Espainiako Gobernuak iritzi kontrajarriak eman ditu 2012. urterako defizit helburuari buruz. Joan den urtean %8 gainditu ondoren, aurten %4,4ra jaisteko eman zen hitza ezin izango dela bete iradoki izan du Cristobal Montoro Ogasun ministroak.
Argudio sendoak ditu Montorok bere alde. Alde batetik, 3,6 puntuko murrizketa Espainiak sekula egindako ahaleginik handiena litzateke; gutxienez, 35.000 milioi euroren parekoa. Beste alde batetik, helburuak ezarri zirenean hazkundea iragarrita zegoen, eta orain erakunde gehienak bat datoz atzeraldia egongo dela.
EBko legediak defizita %3tik behera egoera behartzen ditu herrialdeak, baina salbuespen egoerak ere aurreikusten ditu. Esaterako, gainbehera ekonomiko handiak daudenean. Egoerari buruz zuzenean galdetu zitzaienean, Espainiari tarte luzeagoa ematea zilegitzat jo zuten NDFko aholkulariek. Bruselaren erantzuna zeharo ezberdina izan zen, ordea. Olli Rehn Ekonomia gaietarako komisarioak «ezinbestekotzat» jo zuen 2012. eta 2013. urterako helburuak betetzea, merkatuen mesfidantza argudiatuta. «Konfiantza krisia da hau, eta, konfiantza berriro ezartzeko, kide guztietanhelburuak betetzeko borondate sendoa beharrezkoa da».
Bankuentzako dirua
Eurogunetik at, hazkunde aurreikuspenak baikorragoak dira AEBentzat edo gorabidean diren herrialdeentzat. Edonola ere, krisiak kontinente zaharretik jauzi egiteko arriskua badagoela uste du NDFk. EBko buruzagiei ere eskaera zehatzak egin dizkie. Erreskate funtsek diru gehiago behar dutela argi du, eta uste du funts horren eginbeharretako bat delabankuak kapitalizatzeko dirua bideratzea. Puntu horretan aurrez aurre daude NDF eta Europako agintariak.
Murrizketak Europa itotzen ari dira
Atzeraldia iragarri du NDFk eurogunerako, eta defizita jaisteko neurrien erritmoa zalantzan jarri du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu