Murrizketen aurkako protesta, hilaren 25ean

Bihar arratsaldean zen egitekoa, Bilbon, baina alerta egoera dela-eta hiru astez atzeratu dute

Erredakzioa
Bilbo
2012ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Bilboko Jesusen Bihotzaren plazan da hastekoa, arratsaldeko seietan, baina bihar izan ordez, hilaren 25ean izango da. Azkenaldian administrazioek gastu publikoetan egindako murrizketen aurka gizarte eragileek eta sindikatuek iragarritako manifestazioa hiru astez atzeratu behar izan dute, eguraldi hotzagatik alerta egoera egongo baita asteburuan.

Mugi gaitezen geure eskubideen alde. Ongizate Estatua jopuntuan leloa izango du manifestazioak. Gizarte eskubideen aldeko plataformek (Posada de los Abrazos, Berri-Otxoak, Elkartzen...), Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako langabeen batzarrek, sindikatuek (ELA, LAB, ESK, Hiru, CGT, EHNE eta EILAS) eta hainbat sektoretako gizarte eragileek (SOS Arrazakeria, Euskadiko Gazteen Kontseilua, Munduko Emakumeak...) deitu dute protestara, azkenaldiko murrizketei «nahikoa da» esateko. Deitzaileen arabera, «gizarte eskubideen aurkako erasoa egiturazkoa eta orokorra da», eta horregatik eskatu diete herritarrei Bilbora joateko.

Beste 70 eragileren atxikimendua jaso dutela zabaldu zuten atzo, Bilbon egindako agerraldian. Horien artean daude, besteak beste, Askapena, Bizilur, Kale Dor Kayika, Mugarik Gabe, Ezker Gogoa, Eguzki, Ekologistak Martxan, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Herria 2000 Eliza, Bizkaiko Stop Deshaucios eta Pentsionistak Martxan. Manifestazioa egiteko falta diren hiru asteetan sostengu handiagoa jasoko dutela espero dute antolatzaileek. Alderdi politikoenak ez dituzte nahi, ordea, sindikatuen eta gizarte mugimenduen manifestazioa izatea nahi baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.