Artikoko itsasoan izkirak eta arraina harrapatu, prozesatu eta izozteko bi arrasteontzi egingo ditu Murueta ontziolak Groenlandiako Royal Greenland konpainiarentzat. 82 metro luzeko ontziek arranpa bat izango dute popan, eta bi bizkar. Ontziak planta baten moduan ariko dira Artikoan, arraina izoztuz eta produktua prest utziz kontsumorako. Muturreko teknologia eramango dute; batetik, Artikoko izotzetan nabigatu ahal izateko, eta, bestetik, arraina era automatikoan prozesatzeko. 2019ko otsailerako entregatuko du Muruetak lehen ontzia, eta uztailerako bigarrena.
Royal Greenland Groenlandiako gobernuaren enpresa publiko bat da. Mundu zabalean badauzka beste adar batzuk. Atlantikoko iparraldean aritzen da batik bat, eta baita Artikoan ere. Bere ontziak badauzka, eta Muruetak eraikiko dituenak jabetzan hartuko ditu, baina ontzi independenteen sare bat ere sortu du bere negozioan jarduteko.
Murueta ontziola 1943an sortu zuten, eta, gaur egun, bi ontziola dauzka Bizkaian: Urdaibiain bat (Murueta), eta Ibaizabalen bestea (Erandio). Guztira, 500 pertsona aritzen dira beharrean Muruetan. Bi arrasteontziek enkarguen poltsa handitu dute. Atoiontzi bat eta petrolioa eramateko ontzi biltegi bat egiten ari da egun.