Garraioa

N-1eko eta A-15eko bidesari berrituak legez kanpokotzat jo ditu EAEko Auzitegi Nagusiak

Helegitea jarriko duela erantzun du Gipuzkoak, eta Auzitegi Gorenak ebatzi bitartean garraiolariei kobratzen jarraituko duela.

N-1eko arkuetako bat, Andoainen. JON URBE / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko maiatzaren 26a
15:19
Entzun

Bigarren aldiz baliogabetu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak N-1 eta A-15 autobideak erabiltzeagatik kamioiek ordaindu behar duten bidesaria. Lehen debekuaren ondoren, 2018ko apirilean, Gipuzkoako Foru Aldundiak moldaketa batzuk egin zituen bidesarietan, ustez horrela saihesten zuelako bertako garraiolariei mesede egiten zien sistema.

2019ko maiatzean sartu ziren indarrean aldaketa horiek, baina ez dute bide luzea egingo, Auzitegi Nagusiko epaileen iritziz moldaketa horiek ere ez dutelako betetzen garraiolarien arteko bazterketa debekatzen duen Europako Batasuneko araudia.

Bizkor erantzun du Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuak: «Epaia ez da irmoa, eta, beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiak duela bi urte egin zen kobrantza politikari eusten jarraituko du». Gogorarazi duenez, bidesari berrituak Gipuzkoako Batzar Nagusien babesa izan zuen, eta bete egiten ditu Europako Batasuneko zuzentarauak horrelako bidesarietarako jartzen dituen irizpideak.

Europako Batzordearen beraren bermea jaso zuela azaldu du. Datu bat eman du kanpoko garraiolariak baztertzen dituela justifikatzeko: «N-1 errepideko bidesariak erabiltzen dituzten garraiolarien %40 Gipuzkoakoak dira».

Horiek horrela, Auzitegi Gorenean kasazio helegitea jarriko du Markel Olanoren gobernuak, eta espero du 60 eguneko epean erantzuna jasoko duela.

Zergen dirua

Bidesarien aurkako salaketa Fenasdimer Espainiako garraio enpresen patronalak jarri zuen, eta hark eman du epaiaren berri. Maiatzaren 5eko data du epaiak, eta Angel Luis Garrido Goikoetxea izan du epaimahaiko presidentea. Haren arabera, aurretik baliogabetutako foru arau «makillatua» da azken hilabeteetan indarrean egondakoa, eta hura bezain baliogabea.

Fenasdimerrek garraiolari guztiei aholkatu die gordetzeko ordaindutako bidesarien fakturak, dirua bueltan jasotzeko eskubidea izango dutelakoan. Patronal horrek nabarmendu duenez, «leku pribilegiatuan» dago Gipuzkoa, Iberiar penintsularen eta Europako gainontzeko herrialdeen arteko bi lotura nagusietako bat denez diru asko jasotzen duelako hidrokarburoen zergaren bitartez. «Urtero 800 milioi litro gasolio saltzen dira probintzia horretan, eta garraiorako ibilgailuak dira erosle nagusiak [...]. Hidrokarburoen zergarekin 400 milioi euro jasotzen ditu, hau da, diputazioak bere errepideetako mantentze lanetarako duen aurrekontua halako hamar».

Helegitearen zain

Gipuzkoako Aldundiak Espainiako Auzitegi Gorenera jo zuen aurkako lehen epaia jaso ondoren, eta helegite horren zain dago oraindik.

2018ko urtarrilean ezarri zuen Gipuzkoako Aldundiak ordainsaria N-1 eta A-15 autobideetan. Haren bitartez, hamabi tonatik gorako ibilgailuek 6,89 euro ordaindu behar zituzten lurraldea iparretik hegora edo alderantziz zeharkatzeagatik, eta diru gutxiago ibilbide laburragoak eginez gero. Etzegaraten, Andoainen eta Irunen jarritako arkupeetatik igarotzen diren 3,5 tonatik gorako kamioiek ordaindu behar dute bidesaria.

Markel Olanoren gobernuak argudiatu zuenez, Gipuzkoako bide nagusia egunero zeharkatzen duten 12.000 kamioiek errepide horren mantentze lanak eta konponketak ordaintzeko modu bat zen bidesaria. Beste helburu bat ere bazuen: ibilgailu astunak ateratzea N-1etik eta leku batzuetan haren osagarri den A-15etik, eta AP-8 ordainpeko autobidera desbideratzea.

Moldaketak

Auzitegiaren lehen zaplastekoaren ondoren, Gipuzkoako Aldundiak zenbait moldaketa egin zizkien tarifei. Beste bi arkupe jarri zituzten, Andoainen eta Astigarragan, eta tarifa batzuk aldatu zituzten. Horrela erantzun nahi izan zion epaiaren argudio nagusiari: lehen tarifak kanpoko kamioilariak baztertzen zituztela bertakoen aldean, haiek gehien erabiltzen dituzten errepide zatiak garestiagoak zirelako. Hiru, garraiolari autonomoen sindikatua, ez zen gustura agertu, gogorarazi baitzuen bertako kamioilariek gehiagotan erabiltzen dituztela bide horiek eta, hortaz, haiek pagatzen dutela bidesari gehien.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.