Defizita %0,7an geratuko dela iragarri du Mikel Aranburu Nafarroako Ogasun kontseilariak. Estatuarekin BEZaren inguruan egiten dituen doikuntzak uste baino hobeto aterako zaizkio Nafarroari, eta horrek defizita 50 milioi txikitzea eragin dute.
Aranbururen arabera, 204 milioi euroren defizita izango du aurten Nafarroak. Horietatik 127,8 milioi dagozkio Espainiak baimendutako defizitari. Beste 72,8 milioi, Hitzarmen Ekonomikoaren azken erreformak 2013ko eta 2014ko kontuetan eragindako doikuntzei dagozkie, eta ez dira defizit gisa zenbatuko. Gainontzekoa, 3,5 milioi, da azkenean izango den desbideraketa. "Garrantzi gutxikoa", Aranbururen esanetan.
Hurrengo urterako asmoen berri eman dute gaur goizean Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko lehendakariorde ekonomikoak eta Mikel Aranburu Ogasun eta Politika Ekonomikoko sailburuak. Urteko lehen zortzi hilabeteotan hamar plan estrategiko onartu nahi dituzte. Horien artean Moderna planaren eguneratzea dago, aurrerantzean Espezialiazio Inteligentearen Estrategia izena hartuko duena. Martxorako aurkeztu nahi du.
Beste planekin batera (industrializazioa, enpresen nazioartekotzea, zientzia eta teknologia, turismoa...), "koadro makroekonomikoetan antzematen den hobekuntzari oinarri solidoak" eman nahi dizkio Iruñeko gobernuak.
Urtearen hasierarako onartu nahi dituzte dirulaguntza publikoen deialdiak prest izan, "ahal bezain pronto eragin ekonomikoa izan dezaten". Deialdi horietako bat clusterrak osatzeko laguntzak izango dira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan garapen handia izan du eredu horrek, eta Nafarroan ere funtziona dezakeela uste du Uxue Barkosen gobernuak.
Gizarte elkarrizketa
Urtarrilean etorriko da Gizarte Elkarrizketaren Kontseiluaren erreforma ere. Erakunde horri azaleko aldaketak egin nahi dizkiote—izena aldatzea ez dute baztertu—, baina baita mamikoak ere. Batetik, Gobernuak lekua egin nahi die ELAri eta LABi. Horretarako, proposatuko du "ordezkaritza handien duten" eragileentzat dela dioen aipamena kentzea eta beren arloetan %10eko ordezkaritza duten gizarte eragileentzat dela zehaztea. Ikusteke dago sindikatu abertzaleek zein jarrera hartuko duten. Betidanik salatu dute UGTk, CCOOk eta patronalak baztertu egiten dituztela, baina aldi berean uko egiten diote Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Elkarrizketaren Mahaian parte hartzeari, organu horrek gauza garrantzitsuei buruz erabakitzeko ahalmenik ez duela uste baitute.
Hain zuzen ere Gizarte Elkarrizketaren Kontseiluak jorratu beharreko gaien inguruan dator Nafarroako Gobernuak egin nahi duen beste aldaketa. Gobernuak uste du enpresa ereduei buruz edo lan harremanei buruz hitz egin behar dutela organu horretan, baina ez, ordea, gaur egun aipatzen dituen gai batzuei buruz (azpiegiturak, I+G politikak zehaztea, enpresen nazioartekotzea, inbertsioak...).
Azpiegiturak
Azpiegiturei dagokionez, lehentasuna errepideak konpontzea izango du. Dagoeneko 7,5 milioi euro baztertu ditu N-121-A errepideko tunel nagusiak Europako Batasuneko segurtasun neurrietara egokitzeko. Belate, Almandoz, Oieregi eta Sunbillako tuneletan ibilgailuak bazter batera joateko lekuak jarriko dituzte, ura hustutzeko sistemak, erretzen ez diren kableak, sua itzaltzeko sistemak... 2016 eta 2019. urteen artean egingo dira lanak.
Beste 6,6 milioi jarriko dituzte hainbat zubi konpontzeko. Zatirik handiena (4,4 milioi) Leitzarango autobideko hiru zubitan gastatuko dituzte (Astomela, Kasarna eta Larrazpi) eta gainontzekoa Ibero, Tutera, Mendigorria, Contienda, Lizarra eta Miranda Argako zubietarako izango da.