Nafarroak 100 milioi euroko funts bat jarriko du ezohiko gastuei aurre egiteko

Foru dekretu bat onartu dute, osasun alorrean, sozialean eta ekonomikoan eragiteko.

Nafarroako Gobernuaren agerraldi bat, koronabirusaren inguruan. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2020ko martxoaren 18a
14:03
Entzun

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak agerraldi bat egin du gobernu kontseiluaren ostean, 13:30ean, onartutako foru dekretuaren berri emateko. Dekretuak koronabirusaren hedapenari aurre egin nahi dio osasun alorrean behar diren langileak kontratatzeko baldintzak errazteko, arlo sozialean egunotan beharrean diren pertsonei zerbitzua bermatzeko eta ekonomikoan konfinamenduak eragindako ezohiko gastuak estaltzeko. «Behar diren neurri guztiak hartuko ditugu».

Azken egunotan «ezohiko eta salbuespeneko egoeraren aurrean» hainbat dekretu atera ditu gobernuak, eta, agerraldian, Txibitek nabarmendu du gaurko Madrilgo gobernuak atzo onartutakoaren «osagarri» dela eta harekin ari direla elkarlanean eta koordinazio pean. Lehendakariak beste behin azaldu du egoera «aldakorra» dela eta «zaila» dela aurrera begirako proiekzioak egitea, egunetik egunera aldatzen doalako. Hartutako neurri guztien berri eman diete parlamentuko talde guztiei eta Txibitek azpimarratu du guztien borondate ona. «Esker on hitzak besterik ez dut, guztiek babestu dute, salbuespenik gabe».

Pakete ekonomikoari dagokionez, 100 milioi euroko funts bat sortuko du gobernuak, baina diru kopurua «zabaldu egin daiteke»  beharren arabera, Urte honetarako erkidegoei %0,2ko defizita izateko ahalemenetik (40 milioi euro inguru) eta iazko superabitetik finantzatuko da. Funtsak egunotan hainbat sektoretan sortutako ezohiko gastu bereziei aurre egingo die: hala nola, autonomo eta enpresa txiki eta ertainen artean, osasun eta hezkuntzan, familietan, politika sozialetan... Txibiteren arabera, babes sozialerako, lan arloko eta bestelako gastuak finantzatuko ditu.

Gainera, 2020ko aurrekontuak aldatuko dira enpresa publikoek abalak eta maileguak gehienez emateko kopurua handitu dadin, 40 miilioi eta 30 milioi eurora arte, hurrenez hurren. Enpresentzat finantza operazioen eta gastu arruntei aurre egiteko likidezia bermatuko zaie abalen bidez. Gainera, zergen ordainketen epea apirilaren 30era atzeratuko da gutxienez eta aurrera luzatu egin daiteke epe hori.

Txibitek aurreratu du hurrengo kontseiluan aztertu egingo dela Ogasunak herritarrei zergak itzultzeko beharra ziurtatzeko dekretua. Gainera, gizarte eragileekin negoziazioetan ari dira beharrezko zerga neurriak hartzeko.

Langileak kontratatzeko erabakiak

Horrez gain, Nafarroako Gobernuak kontratazioen tramiteak errazteko beharrezko neurri guztiak hartuko ditu. Alde batetik, «oinarrizko zerbitzuak bermatzeko» bertan behera geratuko dira oporrak, lan murrizketa eta baimenak (haurdun diren langileei ez die eragingo). Halaber, lanaldi partziala izatetik osora pasatzeko aukera izango du administrazioak, Kontratazioeetan zerrentatik tira egingo dute baina beharraren eta profilaren arabera, zerrendatik pertsona jakinak aukeratu ditzakete. Halaber, 70 urtetik beherako erretiratutako langileak har ditzakete berriro. Neurriok batik bat osasun arloko langileen kontrataziorako izango dira. Txibiteren esanetan, «ezohiko zerbitzuak» eman beharko  dituzte.

Gizarte eskubideen arloan, egoera zailean diren haurren elikatzeko eskubidea bermatu nahi dute zerbitzu sozialen eta ikastetxeen koordinazioa hobetuz eta jangeletan jaso ohi zuten elikagaia jasotzen jarraitzeko. Eguneko zentroak itxi direnez, adineko pertsonei arreta eskaintzen zaiela ematek zaintza lanak egiteko  baldintzak aldatuko dira. Gizarte eskubideen departamenduak hartuko du kontratazioen ardura eta egoeraren kudeaketaren ardura.

Azkenik, Txibitek nafarrei deia egin die etxean geratu daitezen: «Elkartasunez eta ekintza kolektiboz, larrialdi hau gaindituko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.