Nafarroak 2000ko zerga presioarekin 600 milioi gehiago bilduko lituzke

ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiruk salatu dute aurrekontuak «azken 30 urteetako bidegabeenak» direla

joxerra senar
Iruñea
2010eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
«Nafarroan ez dugu aberastasun gabeziarik. Arazoa da aberastasun hori modu bidegabean banatzen dela». Igor Arroyo LABeko Nafarroako koordinadoreak atzo salatu zuen krisia «diru publikoa kapitalaren esku uzteko» baliatzen ari direla Nafarroako Gobernua eta PSN. ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuekprentsaurrekoa eskaini zuten, «azken 30 urteetako aurrekonturik bidegabeenak» salatzeko. Mitxel Lakuntza Nafarroako ELAko koordinadoreak azaldu zuenez, foru erkidegoak 2000ko zerga presioari eutsi izan balio gaur egun 600 milioi euro inguru gehiago bilduko lituzke. Lakuntzaren ustez, arazoak ez dira defizita edo zor publikoa, garai oparoetan ezarritako zerga murrizketak baizik. «Benetako arazoa zerga presio arina da».

Arroyok salatu zuen «kapitalak krisiaren psikosia» baliatzen duela hiru frontetan erasotzeko: lehenik, lan munduan; bigarrenik diru sari eta eskubideetan; eta hirugarrenik, zerbitzu publikoetan. Adibide gisa jarri zuen iazko maiatzean Iruñeko Koxkan 191 langile kaleratu izana: «Gaur egun langile gehiago dituzte; hori bai, askoz ere baldintza okerragoetan». Nafarroako aurrekontuei dagokienez, «eremu publikoa negozio pribaturako aukera» bihurtu nahi dutela iritzi dio.

ELAko Lakuntzak ohartarazi du aurrekontuetako murrizketen ondorioak ezkutatu egiten zaizkiola gizarteari. «Ez da esaten susperraldia atzeratuko dela, langabeziak gora egingo duela eta zerbitzu publikoen kalitateak behera egingo duela». Gogora ekarri du aurten baino 190 milioi euro gutxiago gastatuko duela gobernuak, eta «lotsagarritzat» jo du politika nagusietan UPNk eta PSNk «alderdi bakar gisa» funtzionatzea.

Aurrekontuak hilaren 22an eta 23an eztabaidatu eta onartuko dira. Sindikatuok abenduaren 23an 12:00etan Parlamentu aurrean mobilizazioa egingo dute. Bertan izango dira Adolfo Muñoz eta Ainhoa Etxaide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.