Nafarroako Gobernuak ere eskuak harrapatu ditu. Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak harrapatuta dituzte. Nafarroak ere zergen bidez espero baino diru gutxiago bilduko du, eta neurriak hartu ditu: aurrekontuetatik 163 milioi euro kenduko ditu eta beste 163 milioi euroko gastua 2012ra atzeratuko du. Helburua Espainiako Gobernuak agindutako defizitaren muga betetzea da, barne produktu gordinaren (BPG) %1,3.
Bi zulo dituzte Nafarroako Gobernuaren diru kontuek: alde batetik, zerga bilketarena, urte hasieran espero baino 137 milioi euro (%4,2) gutxiago; bestetik, defizita kalkulatzeko moduarena, 175 milioi eurokoa. Egoera ikusita, gobernuak aurtengo aurrekontuetako 163,3 milioi euro izoztuko ditu. Aurrekontuaren %3,9 da. Gastatzekotan, hurrengo urtean gastatuko ditu.
Parlamentuari aurrekontuen legea eta sozietate zerga aldatzeko eskatuko diote. Aurrekontuen legea, urtea amaitu arte departamenduek gastuak aldatu, gutxitu eta atzeratu ahal izateko; sozietate zergarena, berriz, enpresa handienei —20 milioi eurotik gorako fakturazioa dutenak— ordainketak aurreratzeko 2011, 2012 eta 2013 urteetan. Presazko prozeduraz onartu nahi dituzte aldaketak, hilaren 22an.
Alvaro Miranda Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak ez zuen zehaztu dirua nondik kenduko duten.Oinarrizko gizarte zerbitzuei eutsiko dietela aipatu zuten. Departamentuek hila amaitu baino lehen egin beharko dituzte gastua atzeratzeko proposamenak.
Nafarroa ez da salbuespena. Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiek ere zuloak dituzte aurrekontuetan: Arabak 40 milioi eurokoa eta Gipuzkoak 101 milioi eurokoa. Zergetan ere zuloak dituzte. Nafarroak iaz baino 180 milioi euro gehiago bilduko ditu, baina espero baino 137 gutxiago. Sozietate zergak 170 milioi euroko zuloa eragin du. Araban urte hasieran kalkulatutakoa baino 207 milioi euro gutxiago espero dituzte,eta Gipuzkoan 336 milioi euro gutxiago. Bizkaiak gaur emango ditu datuak.
Nafarroako Gobernuak eta Espainiakoak diru kontuak neurtzeko modu ezberdinak dituzte. Espainiakoak, esaterako, defizitaren barruan sartzen ditu enpresei eta pertsonei atzeratutako zerga ordainketak eta hainbat azpiegituraren kostua. Berez, enpresa pribatuak ari dira azpiegitura horiek egiten, baina Nafarroako Gobernuak itzalpeko bidesariarekin ordainduko die.
Kontabilitate ezberdinak
Hala ere, ez da kontabilitate irizpide hutsa, Nafarroak onartu egin baitu Espainiak ezarritako defizitaren muga betetzea eta, beraz, haren irizpideetara makurtu behar du. Nafarroak aurten 45 milioi euroko aldea espero zuen bi kontabilitateen artean, bere alde; azkenean, ordea, 175 milioi izan dira, kontra. 2012ko aurrekontuetan 47 milioi eurokoa espero du, bere alde.
Aurtengo diru kontuek eragina izango dute datorren urtekoetan. 2012ko aurrekontuetan gastuaren muga 3.711 milioi eurokoa izango da, aurtengoa baino %2,95 gutxiago. Diru horri finantza gastua gehitu behar zaio, 22 milioi euro. 3.733 milioi euroko aurrekontua izango da.
Ze egoera ekonomikoetan oinarrituko ditu 2012ko aurrekontuak? BPG %1,9ko haziko dela, enplegua sortuko dela, zergen bidez aurten baino %2,5 diru gehiago bilduko duela eta ez dela gaindituko %1,3ko defizita.
Nafarroak 326 milioi euro izoztuko ditu, defizitaren zuloa estaltzeko
Aurrekontuetako 163 milioi euro ez ditu gastatuko, eta beste 163 milioi euroren gastua 2012ra atzeratuko duDatorren urteko aurrekontua aurtengoa baino %2,95 txikiagoa izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu