Nafarroako Gobernuak 2019rako aurrekontuaren foru lege aurreproiektua onartu du gaur gobernu kontseiluan. Mikel Aranburu Nafarroako Ogasun kontseilariaren hitzetan, "aurrekontu onak" dira, gastu muga %3,1 handituko delako. "Zintzotasunez kudeatu ditugu aurrekontuak, arduraz eta etorkizuneko ikuspegiaz, kontu orekatu eta egonkorretan oinarrituta".
Arlo makroekonomikoari begira, 2019rako %2,7 hazkundea aurreikusi du Nafarroako Gobernuak, eta horren gain egin du aurrekontuen diseinua. Defizitak, gehienez, barne produktu gordinaren %0,1 izan beharko du (21 milioi euro). Finantza gastuak, guztira, 295 milioi eurokoak izango dira, eta, hartara, aurrekontu osoa 4.306 milioi eurokoa izango da.
Aurrekontu horren %55 gizarte gasturako izango dela nabarmendu du Aranburuk —hala nola Osasuna, Hezkuntza eta Eskubide Sozialak—. Era berean, aurrekontutik 132 milioi euro inbertsio publikorako izango dira. Departamentuen artean, Osasunak izango du aurrekontu handiena (1.087 milioi euro). Inbertsioen artean, besteak beste, Doneztebeko eta San Adriango osasun etxeak amaitzea espero dute, eta Tafallakoa berritzea.
Hezkuntzak 686 milioi euroko aurrekontua izango du. Gobernuak azpimarratu du sare publikoko lehen eta haur hezkuntzako irakasleei eskola orduak bi ordu murriztu zaizkiela eta horri esker 136 irakasle kontratatu direla. Bigarren Hezkuntzan, espero dute datorren ikasturtean murriztea orduak, eta 351 irakasle kontratatuko dira.
Garapen Ekonomikoak 241 milioi euroko aurrekontua izango du. Ikerketa eta Garapenean, kasurako, 38,7 milioi euroko inbertsioa espero da. Enplegu politika aktiboak ere hobetu nahi dituzte.
Aurreproiektua Nafarroako Ekonomia eta Gizarte Kontseilura, Foru Erregimeneko Batzordera eta Ingurumen Kontseilura igorriko dute, behin betiko lege proiektua onartu aurretik. Urrats hori eginda, parlamentura igorriko dute proiektua, taldeek eztabaidatu eta bozkatu dezaten. Ia hiru hilabete dituzte aurrean, urtea amaitu baino lehen.