Nafarroak 701 milioi euro erabiliko ditu enplegu planean 2024ra arte

Nafarroako Gobernuak, CEN enpresaburuen elkarteak eta CCOO eta UGT sindikatuek sinatu dute akordioa, Maria Txibitek nabarmendu du «erreminta eraginkorra» izango dela etorkizuneko eraldaketari aurre egiteko eta «nahi izan duten sindikatuak» daudela akordioan

Lau sinatzaileak, gaur, Nafarroako jauregian. NAFARROAKO GOBERNUA
joxerra senar
2021eko ekainaren 30a
14:46
Entzun

Nafarroak bosgarren enplegu plana izango du. Miguel Sanzen agintalditik, 2009tik, ez zen halakorik gertatzen. Zortzi hilabetez negoziatzen izan ostean, eguerdian, plana izenpetu dute gobernuak, CEN patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek. Hamabi urte geroago etorri delako, Maria Txibite lehendakariak «mugarri historikotzat» jo du, eta nabarmendu du etorkizuneko eraldaketarako erreminta eraginkorra izango dela.

Nafarroako Jauregi barruan arrandia handiz egin dute ekitaldia, eta akordioaren sinatzaileek enplegu planaren balioa azpimarratu dute. Bertan izan dira CENeko presidente Juan Miguel Sukunza, CCOOko idazkari nagusi Txontxu Rodriguez eta UGTko idazkari nagusi Jesus Santos. Haiekin batera, hiru erakundetako zein gobernuko hainbat kontseilari izan dira.

Guztien ahotik laudorio hitzak entzun dira. Txibitek pandemiari aurre egiteko Suspertu planaren eta Europako Batasuneko Next Generation-Hurrengo Belaunaldi egitasmoaren testuinguruan kokatu du akordioa, eta, legealdiari begira, «estrategikotzat» jo du. UGTko Jesus Santosek «ausardia» eskertu dio Txibiteri, aurreko legealdian halako plan bat egitea ez zelako posible izan. «Ez zen guregatik izan». Barkosen gobernuari eta batik bat ELA eta LABi egindako erreferentzia bakarra izan dira. Txibitek bai esan du «nahi izan duten sindikatuak» egon direla eta ez dutela «inor baztertu».

2021etik 2024ra begira, 701 milioi euro bideratuko dira enplegu planetara eta finantzaketa hori batik bat urteroko aurrekontuetatik zein Europako Batasuneko laguntzetatik ailegatuko da. Hain zuzen ere, Sukunzak aipatu du jada Europako laguntzak iristen hasi direla, eta uneotan Nafarroako ekonomia «uste baino hobeto» dagoela. Bere hitzetan, aurreikuspenik baikorrenak gainditzeren ari dira. Testuinguru horretan, aurten 173 milioi inbertitzea espero da; datozen hiru urteetan, berriz, 186 milioi euro, 183 milioi eta 156 milioi, hurrenez hurren.

Inbertsioaren zati handiena, enpresen lehiakortasuna hobetzeko neurrietara bideratuko da (300 milioi euro) eta enplegu politika aktiboek, berriz, 277 milioi euro hartuko dituzte. 23 helburu estrategiko izango ditu eta horietan artean jarri da lan segurtasun hobetu eta lan istripuak murriztea eta generoko desberdintasunak jaistea. Hala berritasunen artean daude, lan segurtasuneko ordezkaria eta berdintasun arloko ordezkaria izango dutela enpresek. Txibitek zehaztu du ordezkarien izendapena deialdi bidez egingo dela eta «nahi duten sindikatuak». Ez du zehaztu gehiago.

Beste berritasunetako bat izango da lehen eta bigarren hezkuntzan ekintzailetzari eta fiskalitateari buruzko ikasgaiak sartuko direla, printzipioz 2022-2023 ikasturtetik. Sukuntzaren arabera, eragile guztiak zeuden ados puntu horretan, baina CENentzat garrantzitsua da ikasleek ulertzea eta barneratzen hastea zer den enpresa bat eta enpresaburu izatea. Halaber, fiskalitateari buruzko azalpenak ere beharrezkotzat ikusten dituzte ikasteko zer garrantzitsua den zergak ordaintzea gizarte guztiaren mesederako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.