Nafarroak ere zergak igoko ditu, baina Espainiari «kopiatu gabe»

UPNk arrazoitu du «derrigortuta» dagoela, Itun Ekonomikoak Espainiaren pareko zerga presioa izatea ezartzen duenez geroPSNk proposatu du zerga igoera «leuntzea» 50.000 eurotik beherako errentei

joxerra senar
Iruñea
2012ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Mariano Raxoik bezala, Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak hamaika bider esan du ez dituela zergak igoko. Hala ere, Espainiako Gobernuak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) erreforma iragarri bezain azkar, UPNk eta PSNk aitzakia topatu dute bide bera hartzeko. Bientzat «ez da gustukoa», baina, Nafarroako Itun Ekonomikoak Espainiaren zerga presio bera izatea ezartzen duenez, «derrigortuta» daude. Atzo, Carlos Garcia Adanero UPNko idazkari nagusiak azaldu zuenez, erreforma hori «ez da Espainiakoaren kopia bat izango».

Duela bi aste UPNk eta PSNk onartutako 2012ko aurrekontuak zaharkituta geratu dira dagoeneko. Urrian kontuak diseinatzerakoan, Gobernuak espero zuen aurten Nafarroako ekonomia %1,9 haziko zela. Haatik, Euskadiko Kutxak kalkulatu du ekonomia %0,5 inguru haziko dela. Egungo egoeran aurreikuspenetan asmatzea zaila bada ere, Euskadiko Kutxaren kalkuluak errealitatetik gertuago daude, eta, horrenbestez, gobernuak ez du bilduko zerga bidez espero zuen diru kopurua.

Hazkundearen gaineko aurreikuspenetan %1,4 inguruko aldea izatea ez da txikikeria bat: 250 milioi euro inguruko gorabehera esan nahi du. Handiagoa izan daiteke, baldin eta ekonomiak urte amaieran portaera txarragoa badu. Nafarroako gobernuaren kasuan, murrizketa gehiago esan nahi zuen. Horregatik, Raxoik iragarritako zerga erreforma oso lagungarri izango zaio Nafarroako Gobernuari, batez ere UPNri, iritzi publikoari neurria saltzeko bidea aurkitu duelako.

Hala, Adanerok atzo arrazoitu zuen Nafarroa ezin dela «uharte fiskal» bihurtu. «UPN ez da zergak igotzearen aldekoa; nahiago du diru hori enpresek eta herritarrek izatea, baina garai gogor honek behartzen gaitu egoera normal batean hartuko ez liratekeen neurriak hartzera». UPNren koherentzia politikoa defenditu du, 2010eko maiatzean Zapateroren neurriak babestu zituenean PPren aldetik kritika gogorrak jaso zituelako. «Denborak arrazoi eman digu».

UPNk ez du beste xehetasunik eman, eta PSNrekin hitzartuko duela besterik ez du argitu. Adanerok baztertu egin du erreformak «diru soberakinak» eragitea eta gastu publikoa edo inbertsioak handitzea.

Juan Jose Lizarbe PSNko eledunaren ustez, 50.000 eurotik beherako errenta dutenei «leundu» egin dakieke zerga igoera. Aurrezle txikien eta pentsiodunen kapital etekinen gaineko zerga tasa bere hartan uztearen alde azaldu da. Lizarberen arabera, PSNk hurrengo astean eztabaidatuko du UPNrekin. Beste alderdiekin ere hitz egiteko prest dago.

Neurri gehiago Madrildik

Iragan ostiraleko neurrien ondoren, gaur beste sorta bat onartuko du Espainiako Gobernuak. Cristobal Montoro Ogasun ministroak iragarri du «neurri ekonomikoak» izango direla eta ez, ordea, «murrizketak». Ez dirudi haien artean izango denik balio erantsiaren gaineko zergaren igoera (BEZ). Luis de Guindos Ekonomia ministroak onartu du agian zerga hori ukitu beharko dutela, baina berehala izango ez dela argitu du. Litekeena da martxorako uztea neurri hori, Madrilgo gobernuak bere aurrekontuak aurkezten dituenean. Ordurako espero da erregaien gaineko zerga igotzea.

Lan merkatuari buruz berritasunak izango dira aurki, baina ez gaur. Mariano Raxoik Errege egunera arteko epea eman ziensindikatuei eta patronalari haien artean ados jartzeko, eta egiten ez bazuten erreforma berak egingo zuela ohartarazi zien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.