Urriaren hondarrean jakin zen datu aurreratua: Nafarroako ekonomia %15,7 handitu zen udan. Bada, errebote hori berretsi egin du orain Nastat estatistika erakundeak, eta hamarren bat areagotu, %15,8ra alegia. Urte arteko jaitsieraren datua ere hobetu du Nafarroako institutuak, bi hamarren hain zuzen, eta -%5,9an utzi du urtetik urterako zuloa.
Baina argazki hori zaharkitua dagoela esan daiteke, urria, azaroa eta abendua oso desberdin joan baitira Nafarroan, pandemiaren bigarren olatua dela eta. Lurraldeko ekonomia hazi egin zen pandemiaren urteko hirugarren hiruhilekoan, inoiz ikusi ez den neurrian, baina, urteko azken argazkiari begira, ilusio hutsean gera daiteke datu hori, susperraldiak indarra galdu baitu urtearen azken zatian.
Ez alferrik, Laboral Kutxak aurreikusi du Nafarroako ekonomia -%9,5 amilduko dela 2020an eta %7 handituko dela 2021ean. Enpleguak, berriz, -%8,5eko kolpea izango duela uste du, eta %6,2 handituko dela datorren urtean. Nafarroako Gobernuak uste du urte amaieran -%9 eta -%10,2 bitarteko zuloa egon daitekeela.
Sektoreka
Ia sektore guztiek sumatu dute koronabirusak eragin duen egoera ezkorra. Zerbitzuak %5,2 hazi dira udan, baina beste atal guztiak uzkurtu egin dira urte arteko tasan, nahiz eta bigarren hirugilekoan baino gutxiago noski, itxialdiaren aroa izaki. Horiek horrela, -%6,3 apaldu da industria, eta -%2,8 nekazaritza. Eraikuntzak ere -%5,2 egin du atzera, eta merkatuen zerbitzuek, berriz, -%8,8. Betiere, 2019ko hirugarren hirulekoarekin alderatuta.
Era berean, esportazioek beren jaitsiera galgatu dute zertxobait, eta urte arteko tasa -%12,1 apaldu dira, jarduera industrial txikiagoaren isla gisa. Inportazio maila ere txikiagoa, -%15,2koa.