Ikasleen garraioan aritzen diren 33 autobus enpresari 3,36 milioi euroko isuna jarri die Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak, eta beste 15.000 euro enpresa horiek sortutako elkarte bati. Horrez gain, autobus enpresa horiek ezingo dute lan egin aurrerantzean ikasleak eramaten, frogatutzat jo duelako kartel bat osatu zutela 2013tik 2018ra, Nafarroako Hezkuntza Sailaren lehiaketan banatzeko.
Agiri baten bidez, garraio enpresek ukatu egin dute lehiaren aurkako ezer egin dutela. Haien iritziz, Nafarroako Gobernuak gertatutakoa «oker interpretatu» du, eta hori da ikerketak erakutsitako bakarra. Autobus konpainiek ohartarazi dute isuna ordaindu behar izateak haietako asko ixtera behartuko dituela, jada «egoera oso kritikoan» baitaude. Itxialdian ez zuten lanik egiterik izan, eta, orduz gero, aisialdiari eta kirolari lotutako zerbitzu gehienak bertan behera geratu dira.
Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen garraioan aritu ziren legearen aurka zigortutako 33 enpresa horiek. 2019-2020 ikasturtean, esaterako, 115 eskolatako 14.498 ikasle garraiatu dituzte lehiaketa horien bidez kontratuak lortutako autobus enpresek. Zortzi urtean ibilbideak banatu zituzten enpresek, legez kontrako akordio baten bidez, betiere lan karga bermatzeko.
CNMCk dio garraio sorta bat lehiaketan ateratzen zenean, enpresa bakarrak aurkeztu zuela hautagaitza, eta beste hainbat ez zirela agertzen, «ibilbide horiek bere gain hartzeko gaitasuna izan arren». Egin izan balute, prezioek behera egingo zuten, baina enpresa bakarra uztean beti lehiaketan, hark finkatzen zuen salneurria. «Karteleko enpresek zortzi urtean banatu zituzten aukeratutako ibilbideak, txandak eta konpentsazioak ezarriz, lan karga eta prezioak ziurtatzeko».
Orain, ordea, CNMCk zigorrak ezarri dizkie. Zehazki, 3,36 milioi euroko zigorra ezarri die, eta horiei «akordioa eratu zuen» elkarteari ezarritako 15.000 euroko zigorra gehitu behar zaizkie. Gainera, CNMCk martxan jarri du administrazioak berriz kontratatzea debekatzeko prozedura, erabaki zigortzailea Espainiako Kontratazio Publikoaren Kontsulta Batzordera igorriz. Zigortutako enpresen elkartea Nafarroako Garraio Enpresen Elkartea (ANET) da. Garraio enpresen artean, berriz, Compañia Navarra de Autobuses SA enpresak eta Burundesak jaso dituzte zigorrik handienak.
Aurrekariak
Ez da lehen aldia lehiaren aurkako erakundeek autobus konpainiak zigortzen dituztela. Lehiaren Euskal Agintaritzak, esaterako, milioi bat euroko isuna jarri zien 2017an Avitrans Gipuzkoako autobus zerbitzuen enpresen elkarteari eta hemezortzi autobus enpresari, 1988tik 2015era bitartean kartel bat osatu zutelako lurraldeko garraio merkatua haien artean banatzeko.
Urtebete lehenago, berriz, Lehiaren Euskal Agintaritzak ikastetxeetan jangela zerbitzuak ematen dituzten enpresak zigortu zituen, hamar urtez merkatua banatzeagatik: 18,4 milioi euroko isuna ezarri zien zazpi catering enpresari, baina, gerora, isuna 7,3 milioira murriztu zuen EAEko Auzitegi Nagusiak .