Ekonomiaren beheraldia handitu egin da urteko lehen hiruhilekoan Nafarroan, barne produktu gordina %0,6 txikitu baita aurrekoarekin alderatuz gero. Urte arteko tasan, berriz, hobekuntza txiki bat izan da: %1,8ko erritmoan uzkurtu beharrean, %1,7 uzkurtzen ari baita. Iazko urte hasiera aurtengoa baino are okerragoa izanari (-%0,7) zor zaio hobekuntza txiki hori.
Azken datu horri heldu dio, noski, Lourdes Goikoetxea Nafarroako Ekonomia kontseilariak: «Horrek erakutsiko luke hazkunde tasaren jaitsierak hondoa jo duela 2012 amaieran, nolabaiteko egonkortasunean gaudela eta gero deshazkunde tasa gero eta txikiagoak etorriko direla». Urte osorako %1,2ko datu negatiboa espero du Iruñeko gobernuak; kouru berdina aurreikusi du BBVAk, apirilaren 18an aurkeztutako Zertan den Nafarroa txostenean. %1,4 txikitu zen BPGa.
Kimu berdeak bilatzen hasita, Goikoetxeak aipatu du esportazioek gorakada txikia izan dutela urteko lehen bi hilabeteetan. «Egonkortasunaren lehen zantzuak antzematen ari dira, eta emaitzak epe erdira etorriko dira», ziurtatu du.
EAEren azterketa
Eustatek maiatzaren 10ean jakinaraziko du Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren barne produktu gordinaren bilakaera. Joan den urtearen amaieran emaitza Nafarroakoaren oso antzekoa izan zen (%1,7ko urte arteko jaitsiera), baina urtearen joanean egoerak pixka bat hobetzea espero dute iragarle batzuk. Haien artean dago BBVA. Gaur goizean aurkeztu dute banku horren Zertan den Euskadi azterketa. Horren arabera, aurten %0,7 uzkurtuko da BPGa, eta datorren urtean %1,2 haziko da. "Aurten hondoa joko du ekonomiak, eta 2014an hasiko dira gauzek hobera egiten", ziurtatu du Rafael Domenech ikertzaile taldeen buruak. Okertzea "geratu" egin dela erakutsiko luketen hiru datu aipatu ditu: enplegu gutxiago txikitu da azken hiruhilekoan, industriaren ekoizpena negatiboa da baina ez da okertu, eta ekipo ondasunetan "goranzko joera" antzeman dute.