Nafarroako ekonomia %0,5 hazi da, eta atzeralditik ateratzea lortu du

Uztailetik irailera arteko datuek erakusten dute jarduera ekonomikoak aurreko bederatzi hilabeteetako beheranzko joera irauli duela

joxerra senar
Iruñea
2009ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Bederatzi hilabete egin ditu Nafarroako ekonomiak atzeraldian murgilduta, baina, bigarren hiruhilekoko datuekin alderatuta, uztailetik irailera bitartean barne produktu gordina %0,5 handitu da. Teknikoki, «atzeraldi ekonomikotik atera egin da». Alvaro Miranda Nafarroako Ekonomia kontseilaria pozik azaldu da datu on horregatik, baina zuhurtasuna aldarrikatu du. Hurrengo hilabeteetan susperraldia berretsi egin beharko da, eta enpleguak konpondu gabeko gaia izaten jarraitzen du: «Krisia oraindik ez da amaitu. Enpresa asko gaizki daude, eta gaizki jarraituko dute, baina susperraldi ekonomikoaren atzetik enpleguarena dator».

Azken hiruhilekoan jarduera ekonomikoak burua altxatu badu ere, azken 12 hilabeteak aintzat hartuz gero, ekonomiak %2,9 egin du atzera. Antzeko zerbait gertatzen da industriarekin. Industria da suspertzen hasi den sektoreetako bat. Nafarroako estatistika erakundearen arabera, iazko udaberritik behera egin du etengabe, eta uztailetik irailera bitartean, lehen aldiz joera hori irauli eta %6 egin zuen gora. Alabaina, duela urtebeteko egoerarekin alderatuta, %20 egin zuenatzera industria produkzioak.

Zerbitzu sektorearen jarduera iazko udatik maiatzera etengabe erori ostean, joera hori gelditu da.Txikizkako merkataritzak kolpe latza jasan zuen iazko azken hiruhilekoan, baina urte hasieratik pixkanaka gorantz egin du. Datuok adierazten dute herritarren kontsumo pribatua ere suspertzen hasia dela. Gobernuaren datuen arabera, kontsumitzaileen konfiantza neurtzen duen adierazleak 2007ko bigarren hiruhilekotik martxora arte behera egin zuen, baina apiriletik suspertze bat antzeman da.

Alvaro Mirandaren arabera, ekonomiaren bilakaera on hori «ez da halabeharraren emaitza». Bere ustez, bai aurrekontuak bai krisiari aurre egiteko neurriak aurrera ateratzeko orduan Nafarroako Gobernuak PSNrekin egin dituen akordio politikoak giltzarri izan dira. «Egoera zail horren aurrean» CCOOk eta UGTk zein CEN patronalak erakutsi duten jarrera goraipatu du.

Nafarroako Gobernuak aitortzen du lan merkatuan dagoela uneotan zulorik handiena. Espainiako INE estatistika erakundearen arabera, iazko uztailetik urtebetean 16.900 enplegu suntsitu ziren Nafarroan. Azken hiruhilekoan joera hori iraultzea lortu du, eta krisi garaian lehen aldiz 1.300 enplegu sortu dira. Horrekin batera, bigarren hiruhilekoko langabezia tasa %12,2koa bazen, hirugarren hiruhilekoan %10,5era jaitsi da.

Zulotik atera ez dena Espainia da. Seigarren hiruhilekoan jarraian %0,3 egin du atzera uztailetik irailera. Iazko datuekin alderatuta, barne produktu gordina %4 estutu da gainera. Elena Salgado Espainiako Ekonomia ministroak adierazi du aurreikusitakoa baino «apur bat hobeagoak» direla emaitzok. Europako Batzordeak susperraldia uztailetik aurrera etorriko dela uste du.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.