Ekonomia

Nafarroako ekonomia 2018an %2,8 handituko dela aurreikusi du BBVAk

Datorren urtean 8.000 enplegu sortuko direla eta langabezia %8,8ra helduko dela espero du bankuak beti ere egungo joerak berresten badira

Miguel Cardoso BBVA Research-eko ekonomista burueta Carlos Gorria BBVAren ipar eremuko zuzendaria. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
joxerra senar
2017ko abenduaren 11
13:27
Entzun

Aldeko haizeak indartsu jarraitzen du. BBVAk Nafarroako egoera ekonomikoari buruzko txostena aurkeztu du gaur goizean, eta bertan Miguel Cardoso BBVA Researcheko Espainiako ekonomista buruak azpimarratu du barne produktu gordinak %3ko hazkundearekin amaituko duela aurten. Lehen hiruhilekoetan, gainera, ekonomia zortzi eta bederatzi hamarren arteko erritmoan handitu da, eta hala jarraitu izan balu hazkundea %3tik gorakoa litzateke.

Egoera horrek bere ondorioa du enpleguan: Gizarte Segurantzaren afiliazioa %0,7ko erritmoan handitu da lehen hiruhilekoetan. Hala ere, Cardosok desorekak nabaritu ditu eskualdeen artean: sortutako enpleguaren %85 Erriberan eman da. Afiliazioari dagokionez, ezein eskualdek ez du berreskuratu krisi aurreko egoera, ezta Iruñerriak ere. Hala ere, enplegu gutxiago sortu den heinean, landa eremuan desoreka handiagoa da, batez ere ipar-mendebaldean eta Pirinioetan.

Hobetu beharreko gauzen artean, lan mundua nabarmendu du Cardosok. "Lan erreforma eraginkorra da izan da enplegu gehiago sortzeko ahaleginean, baina behin-behinekotasunaren desoreka ez du zuzendu". Cardosoren arabera, langileen %20 inguruk bere lanpostua behin-behinean du eta horrek "oso ondorio kaltegarriak" ditu produktibitateari begira: "Pertsona batek behin-behineko kontratua badu hari prestakuntza emsteko pizgarriak txikiagoak dira eta horrek bere eragina du enpresaren giza kapitalean". Egongaiztasun horrek, gainera, familien kontsumoari ere eragiten diola nabarmendu du gastu handiei aurre egin ezin zaiolako. 

Nazioarteko ingurune ekonomikoa egonkor dago eta epe ertainera hala jarraitzea espero du; hau da, petrolioaren prezioak merke jarraitzen dute, interes tasak oso apal jarraitzen dute eta Europako Banku Zentralak estatuei erositako zor publikoaren ondorioz arrisku saria ere egonkor dago. Interes tasei dagokionez, BBVAk aurreikusten du EBZk ez dituela igoko gutxienez "2019 erdialdera arte". 

Familien kontsumoa gora

Joera orokor horren ondorioz, familien kontsumoa azken bi urteetan sendotu egin da eta aurten areagotu egin da kontsumoaren hazkundea: %3,4 handitu da irailera arte. Bigarrenik, Cardosok "inflexio puntu" bat ikusi du gastu publikoan, eta iragan legealdiko murrizketen aurrean, azken bi urteetan izandako gastu igoera horrek hazkundeari eragiten dio ere. Hirugarrenik, turismoak gorakada izan du, eta, Nafarroa erkidego turistikoa ez bada ere, "enpleguaren sorreran faktore inportantea da".

Laugarrenik, azken hilabeteetan etxebizitza merkatuak %10etik gorako gorakada izan du, eta suspertze horrek eskaria eta prezioak aktibatu ditu. Hala ere, Cardosok zehaztu du oraindik orain "maila apaletan" dagoela sektorea. Azkenik, esportazioek behera egin dute aurten, batik bat autogintzan. Volkswagenek produkzioa jaitsi egin du modelo aldaketaren ondorioz uztailetik azarora bitartean eta horrek kanpo merkataritzari eragin dio. Cardosok azpimarratu du epe ertainera begira ez dagoela kezkatzeko arrazoirik.

2018ra begira, nazioarteko adierazleek bere horretan jarraituko dute. Arriskuen artean bi nabarmentzen dira: Brexit-a eta Kataluniako egoera. Cardosoren arabera, oso zaila da neurtzea Kataluniako egoerak eduki dezakeen eragina. Hala ere, BBVAk adierazle bat sortu du Espainian zein nazioartean tentsio politikoek eragindako isla neurtzeko, eta antzeko adierazleek beste kasu batzuetan izandako eragina hartu du oinarri eragina kalkulatzeko. Hala, BBVAk uste du Nafarroako ekonomian "bi eta lau hamarren artean" murriztu dezakela hazkunde ekonomikoa.

Brexit-ari dagokionez, Nafarroako esportazioen laugarren merkatua da Erresuma Batua, batik bat elikagai industria eta autogintzan. "Erresuma Batuko barne produktu gordinean murrizten den puntu bakoitzeko Nafarroari hiru eta lau hamarren artean jaitsiko zaio". 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.