Ekonomia

Nafarroako ekonomia 2019an %2,6 haztea aurreikusi du BBVAk

Aurten zein datorren urtean 14.000 lanpostu sortuko direla eta urtebete barru langabezia tasa %8,1era ailegatuko dela ondorioztatu du

Miguel Cardoso eta Carlos Gorria, BBVAren iparraldeko eremuko zuzendaria. BBVA
joxerra senar
2018ko abenduaren 12a
20:17
Entzun

Motelaldia hemen da. Nazioartetik datorren joera Euskal Herriratu da. Nahiz eta Nafarroako Gobernuak urte honetarako %3,3ko hazkundea iragarri, BBVAk beheranzko joera berretsi du, eta ondorioztatu du %2,8ko hazkundearekin amaituko duela urtea. Hurrengo hamabi hilabeteetan, berriz, ekonomia %2,6 handituko dela iragarri du, Laboral Kutxak irailean egindako aurreikuspenarekin bat eginez —gobernuak berak %2,7ko hazkundea aurreikusi du—.

Urtero legez, erkidegoz erkidego azterketa ekonomikoa landu du bankuak, eta Nafarroako txostena gaur aurkeztu du Iruñean —aurki, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako txostena aurkeztuko du—.

Barne eskaria, ez hain sendo

Azken hiru urteetan, batik bat barne eskariak bultzatu du hazkundea eta orandik ere sendo tira egiten jarraituko badu ere, BBVAk uste du indar apur bat galdu duela: hots, aurten %1,8ko erritmoan handitu bada, 2019an bost puntu motelago handitzea espero du. Krisiaren lehen urteetan, egoeraren ondorioz, familiek hainbat erosketa garrantzitsu atzeratu egin zituzten, eta azken hiru urteotan atzeratutako erosketok egin ahala, haren efektua leuntzen doa. "Adibidez, duela bi urte kotxea erosi zuen erosle gehienek ez dute erosketa hori berrituko orain", azaldu du Miguel Cardoso BBVA Research-eko ekonomista buruak.

Etxebizitzetan, ez, ordea. Burbuila lehertu ostean, sektoreak "doikuntza handia" izan zuen. Hala, BBVAk antzeman du sektorea onbideratzen ari dela: iaz, etxebizitzen salerosketa %22 handitu zen, eta aurtengo lehen sei hilabeteetan %7,2 handitu da. Hala ere, prezioek ere gorantz egin dute: Iruñerrian, behea joz geroztik %23 igo dira salneurriak eta Tuteran %11. Nazioarteko Diru Funtsak berriki Espainiari tentuz ibiltzeko ohartarazi arren, Cardosok epe motzera ez du inongo burbuilaren arriskurik antzematen. Nabarmendu du iraganean ez bezala, finantza erakundeak maileguak ematerakoan "ortodoxiaz" jarduten ari direla, bai enpresei zoru erosketa zein eraikuntza finantzatzerakoan, bai herritarrei etxearen erosketa bera finantzatzerakoan.

Enpleguari dagokionez, aurten zein 2019an, 14.000 lanpostu sortzea espero du BBVAk. Aurten, Gizarte Segurantzan izen eman dutenen kopurua %3,3 handitu da, azarora arte. BBVAk ondorioztatu du diferentziak daudela hiri eremuen eta landa eremuen artean. Hau da, Iruñerria izan da krisi aurreko egoerara itzuli den lehen eskualdea. Egun, Lizarraldea eta Nafarroa erdialdea zein Erribera "dinamismoz" jarduten ari dira, baina ez dira 2008ko lehen hiruhilekoko mailara heldu. Nafarroa iparmendebaldeari zein Pirineoei oraindik ere koska handia geratzen zaie. Arrazoien artean, industrian zein nekazaritzan egindako aldaketa teknologikoak aipatu ditu Cardosok.

Sektore esportatzailea, sendo

Kanpo merkataritza da Nafarroako ekonomiaren sendotasunaren beste adierazle bat, baina zantzu kontrajarriak agertzen ditu. Enpresa esportatzaileak sendo badaude ere, nazioarteko egoera ziurgabearen ondorioz, arriskuak daude 2019ra begira. "Ikusi beharko da, hortaz, eskaintzak eskariari laguntzen dion". Zantzu positiboen artean daude, enpresa esportatzaileek ekipo ondasunen inpotazioak eta inbertsioak handitu dituztela, eta  horrek adierazten du kanpoan saltzeko apustua indartu nahi dutela. Gainera, dolarrarekiko euroaren trukea apaltzen ari da eta esportazioak merkatuko ditu, hortaz. Halaber, Nafarroaren merkatu nagusiak, Euroguneko ekonomiak, sendo daude.

Arriskuak, ordea, egon badaude. Alde batetik, petrolioaren prezioa jaitsi daitekeen bezala igo daiteke, eta Nafarroako ekonomia irekia den heinean, horrek onerako (jaitsiz gero) zein txarrerako (igoz gero) eragin handiagoa du. BBVAren arabera, barne produktu gordinean, zazpi hamarreneko efektua izan dezake.

Protekzionismoaren aurrean, ahulago

Bestetik, Donald Trumpen administrazioak iragarri dituen tarifek eta oro har Txinarekin hasi duen merkataritza gerrak eragina izan dezake esportazioetan zein munduko ekonomian. Egoera hori guztia "ziurgabetasun handia" dela uste du Cardosok, baina Trumpek automozioan ezar ditzakeen neurriak adi jarraitu behar direla uste du, sektoreari eragin diezaioketelako. Automozioren kasuan, gainera, emisioen inguruko neurriek fabriketara motorroak hornitzeko arazoak eragin dituzte azken asteetan eta ikusi beharko da eragina.

Azkenik, Brexit-arekin zer gertatuko den uneotan inkognita handi bat da, eta Erresuma Batua Nafarroarentzat merkatu garrantzitsua izaki, eragin kaltegarria izan dezake, baldin eta azken egunotako gertakarien ondorioz Theresa Mayk Europako Batasunarekin lortutako ituna bertan behera geratzen bada. 

Gainera, BBVAren arabera, adi jarraitu behar da Italiako egoera ekonomikoan zor merkatuetan izan dezakeen efektuaz. Europako Banku Zentralak zor publikoa erosteari utziko dion urtean, arrisku saria handitzeko arriskuaz ohartarazi du. Halaber, Espainiako egoera politiko ziurgabea beste arrisku faktore bat dela deritzo, eta batez beste, ekonomia hiru hamarren kaltetu dezakeela uste du BBVAk.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.