MAKROEKONOMIA

Nafarroako ekonomia %2,9 hazi da azken urtean

Aurreko hiruhilekoarekiko %0,7 handiagoa da BPGa

Iker Aranburu.
2016ko urriaren 28a
10:56
Entzun

Nafarroako Estatistika Erakundearen arabera, kontsumo pribatua eta zerbitzuak ari dira ekonomiatik tira egiten, nahiz eta azken hiruhilekoan indar pixka bat  galdu duten. Ez du data zehatzik eman —hilaren 24an emango ditu—, baina aurreratu du kontsumo publikoa eta eraikuntza indarra hartzen ari direla.

Hiruhilabete arteko tasan %0,7ko hazkundea aurreko hiruhilekoaren berdina da. Urte artekoa, ordea, hamarren bat moteldu da, %3ko erritmoan ari baitzen hazten apiriletik ekainera. Urtea antzeko tasetan amaituko dutela espero du Nafarroako Gobernuak, eta batez besteko hazkundea %2,8 eta %2,9 artekoa izango dela. "Urte hau amaitzeko geratzen diren hilabeteotan ez da jardueraren erorketa handirik espero. Berez, kontrakoa ere esan daiteke, aste honetan euroguneko industria eraldatzailearen inkestek esan baitute hazkundea bizkortzen ari dela azken lau hilekoan".

Hazkunde ekonomikoa oso paretsua da Hego Euskal Herri osoan, atzo Eustatek emandako datuek erakutsi baitute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia %0,6 hazi zela hiruhileko tasan, eta %3 urte artekoan. Udaberriko hazkunde tasarekin alderatuta moteltze txiki bat da, eta urte amaierako honetan eta 2017ko lehenengoetan sakonduko dela iragarri du Eusko Jaurlaritzak. %2,9 hazkundea espero du aurten (2015an bezala), eta %2,2 2017an.

Espainia moteltzen, Frantzia bizkortzen

Espainian ere barne produktu gordina tasa sendoetan ari da hazten. Aurreko hiruhilekoan baino %0,7 handiagoa izan da, eta duela urtebete baino %3,2 handiagoa, gaur INEk azaldu duenez. Moteltze txiki bat erakusten dute datuek, aurreko hiruhilekoan %0,8 eta %3,4ko hazkundea erakutsi zutelako. Familien eta enpresen gastua da ekonomiaren motor nagusia, esportazioak indarra galtzen ari direlako.

Hobera egin du, berriz, Frantziako ekonomiak, oraindik orain Espainia baino motelago hazten ari da bada ere. Apiriletik ekainera %0,1 jaitsi ondoren, uztailetik irailera BPGa %0,2 hazi dela baieztatu du INSEE estatistika erakundeak. Michel Sapin Finantza ministroak onartu du datu hobeak espero zituela, eta zaila izango dela urte amaierarako jarri zuten helburua betetzea, hots, %1,5eko hazkundea. Edonola ere, langabezia jaisteko adina izango dela iragarri du. "Gaur egun, %1,3 edo %1,5eko hazkundeekin nahiko enplegua sortzen dugu langabezia jaisteko", azaldu du. Irailean, aspaldiko partez, jaitsiera handia izan zuen langabeziak.

Urtea hobeto amaitzea espero du Sapinek, udaberriko gertakariak —lan erreformaren aurkako manifestazioak eta atentatuek turismoari eragindako kaltea— berriro errepikatuko ez direlakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.