Ezker Sindikalaren Konbergentziaren (ESK) Nafarroako adarra zatitu egingo da. Hala jakinarazi dute sindikatuko Batzorde Nagusiak eta Nafarroako Batzordeak. Irizpide politiko eta sindikaletan ageriko desadostasunak zituzten aspaldidanik, eta denboraren joanean areagotu egin dira. Sindikatuko zuzendaritza nagusiak eta Nafarroakoak hilabetetak zeramatzaten egoera konpondu nahian. Eta, azkenean, maiatzaren 28an, banatzea adostu zuten. Nafarroako Batzordeko kide gehienek, hamabitik hamarrek, ESK utzi eta beste sindikatu bat sortuko dute: Solidari. Nolanahi ere, zatiketak ez du desagerraraziko ESK Nafarroan.
«Edozein banaketa da mingarria, baina, denbora askoan ez gara bat etorri bi aldeak, eta ulertu dugu, txarrenean, hau dela aukerarik onena». Halaxe diote sindikatuko Batzorde Nagusiak eta Nafarroakoak hedabideei igorri dieten prentsa oharrean. Behintzat, ezinulertuak hitz eginez eta negoziatuz konpontzen ahalegindu direla nabarmendu dute, eta ados jartzea lortu dutela, nahiz eta adostu dutena banatzea izan.
Orain, afiliatuen txanda
Horrez gain, orain arte Nafarroako ESKrenak ziren ondasunak nola partekatu hitzartu dute, bai eta afiliatuek sindikatua aukeratzeko erabiliko duten metologia zehaztu ere. Hain zuzen, ekainaren 25era arteko epea izango dute erabakitzeko ESKn jarraitu ala Solidariko kide izan nahi duten. Horretarako, afiliatu nafar guztiei eskutitz bana helarazi diete, banaketa prozesuaren nondik norakoak eta dituzten bi aukerak eta haien edukiak azaltzeko.
Ondo bidean, ESK-ko zuzendaritzak eta Solidari sustatzeko sortutako batzordeak ekainaren 30ean sinatuko dute behin betiko banaketa akordioa, atzera bueltarik gabekoa. Prozesu guztia bukatu arte adierazpenik ez egiteko konpromisoa hartu dute bi aldeek, horrek afiliatuen erabakitzeko askatasuna oztopa dezakeela iritzita.
ESK bosgarren indar sindikala da Nafarroan, UGT, CCOO, ELA eta LABen atzetik. Milaren bat afiliatu eta 105 ordezkari ditu; ordezkaritzaren %1,55, hain zuzen. Orain, sindikatuen mapan Solidari sartuta, ikusi egin beharko da zifrak nola aldatzen diren.
Iragarritako banaketa
Dena dela, banaketa ez da ustekabekoa izan. Afiliatu nafar askok aspalditik zuten buruan beste sindikatu batean biltzeko ideia. Duela bost urte, Nafarroako zuzendaritzak autonomia handiagoa aldarrikatu zuen. Lortu ere, lortu zuen. Baina, arazoa, erabakitzeko askatasunik eza baino gehiago, irizpideetan zituzten diferentziak zirela adierazi zion ESK-ko buruzagitzako kide batek BERRIAri, maiatzaren hasieran, banaketaren inguruko zurrumurruak zabaltzen hasi zirenean.
Ezinulertuak aurretik ere izan bazituzten arren, 2008ko azaroko III. Biltzar Nagusian, agerian geratu zen erakundearen barruan zerbaitek huts egiten zuela, oso ordezkari gutxi joan baitziren Nafarroatik. Hori ikusita, sindikatuaren barruko harremanak aztertzeko prozesu bat hasi zuten. Eta, iazko ekainean, galdeketa egin zuten Nafarroako afiliatuen artean. %55ek parte hartu zuten bozketa hartan, eta haietatik %85ek banatzea nahi zutela esan zuten. Ordutik, irtenbide bila aritu dira zuendaritza nagusiko eta herrialdeetako kideak. Banatzea azken aukera zela zioten, baina ez dirudi besterik topatu dutenik.
Nafarroako ESK zatitu da, eta buruzagi gehienek Solidari sortuko dute
Milaren bat afiliatuk ekainaren 25era arteko epea dute ESKn jarraitu ala sindikatu berrira joan erabakitzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu