Enpresak

Nafarroako Gobernua haserre, Gamesak Agoizko fabrika itxiko duelako

Zuzendaritzak gaur jakinaraziko die erabakia sindikatuei.

Siemens Gamesarein Agoizko lantegia, artxiboko argazki batean. IñAKI PORTO / EFE
Iker Aranburu.
2020ko uztailaren 1a
10:20
Entzun

Nafarroako Gobernuak «haserre sakona» adierazi dio Siemens Gamesari, multinazionalak atzo iluntzean jakinarazi zuelako Agoizko planta itxiko duela. «Aukera guztiak aztertzeko konpromisoa» adierazi dio enpresari. Zuzendaritzarekin eta langileen ordezkariekin hitz egingo duela agindu du, eta Espainiako Gobernuarekin ere harremanetan jarri da.

Gamesa zenak duela 11 urte ireki zuen Agoizko planta, eta gaur egun 239 langile zituen. Denak kaleratzeko erregulazio espediente bat aurkeztuko du. Langileetako batzuk sakandarrak dira, Gamesak 2010an Altsasuko pala fabrika itxitakoan hara lanera joandakoak. 2013an, berriz, Tuterako lantegia itxi zuen.

Enpresak argudiatu duenez, Nafarroako lantegian egiten zituzten palak zaharkituak geratu dira —handiagoak erabiltzen dira orain— eta jada lantegia ez da errentagarria, besteak beste, «200 kilometrora baino gehiagora» duelako porturik gertuena.

Susmo txarrak baziren Agoizko lantegiaren inguruan, batez ere Siemens Gamesak Alemaniako Servion konpainia erosi zuenetik. Hark lantegi erraldoi bat du Vagos herrian, Portugalen, Aveiroko portutik oso gertu.

Zuzendaritzak bilera batera deitu ditu gaur sindikatuak, 10:30erako. ELAk sei ordezkari ditu, LABek lau, UGTk bi eta CCOOk bat. Lehen erreakzioetan, sindikatu guztiek salatu dute enpresaren erabakia. Haserrea adierazi du Agoizko alkateak ere, Angel Martin Unzuek (EH Bildu). «Sekulako kolpea da Agoizko eta haren eskualdeko enpleguarentzat eta ekonomiarentzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.