Enplegua

Nafarroako Gobernuak 188 milioi euro jarriko ditu enplegu politika aktiboetarako

CCOO, UGT, CEN eta Gizarte Ekonomiako Enpresen Konfederazioarekin lortu du 2017tik 2020ra bitarteko hitzarmena. LABek kontra bozkatu du.

Gaurko bileraren irudia.
joxerra senar
2017ko irailaren 19a
07:33
Entzun

Miguel Laparra Gizarte Eskubideetako lehendakariordea "oso pozik" azaldu da hitzarmenarekin. "Urrats handia da etorkizuneko enplegu planaren onarpenerako, gizarte eta ekonomia eragile nagusien artean hitzartu baita". Bere ustez, enplegu "gehiago eta hobea" ekarriko du egitasmoak.

Planak aurreikusten du enplegu politiketako aurrekontua handitzen joatea: 2015ean 38,2 milioi euro jarri baziren, urtetik urtera handitzen joango da diru sail hori 2020an 49,2 milioi eurora arte —aurten 44,7 milioi eurokoa izango da aurrekontua, 2018an 46,5 milioikoa eta 2019an 47,7 milioikoa—.

Haatik, sindikatu abertzaleak akordiotik kanpo geratu dira. LAB gaurko bileran izan da eta kontra bozkatu du. Prentsa ohar batean salatu du Gizarte Elkarrizketako Kontseiluaren baitan garatu dela negoziazioa eta hark "bahituta" duela enplegu politiken ezarpena. "Kontseilua indargabetzeko eta CEN, CCOO eta UGTren interesak ez asetzeko eskatzen diogu gobernuari". Prekarietatearen aurka neurri eraginkorrik ez dela hartzen kritikatu du eta gaineratu Madrilek eta Bruselak ezarritako irizpideak jarraitzen dituela.

ELAk ez du bileran parte hartu. Dena den, hilabete lehenago, abuztuaren 2an lehen akordio bat lortua zuten gizarte eragile horiek gobernuarekin. Lehen akordio hartan oraindik aurrekontua zehazteko zegoen, baina horren aurrean oso kritiko agertu zen. ELAren ustez, "gezurrezko gizarte elkarrizketa propagandistikoarekin tematuta dago gobernua". Besteak beste, kritikatu zuen dokumentuak ez duela prekarietatearen zergatiak zalantzan jartzen, eta, enplegu kalitateaz hitz egin arren, ez dituela "patronala behartuko duten neurriak hartzen".

Helburua langabezia jaistea
Planaren asmoa da 2020an Nafarroan 30.000 langabe baino gutxiago izatea —abuztuko azken datuen arabera, 36.000 langabek izena emanda dute enplegu bulegoetan—.

Planak aipatzen duenez enpresek sortzen dute enplegua bitartekoak dituztenean eta horregatik ekintza esparru nagusietako bat da. Enplegu politika aktiboak langileen, langabeen eta enpresen beharretara egokitzea bilatuko du. "Enplegua handitzeko helburu nagusia erdiesteko enpresen lehiakortasuna hobetzea izango da lehentasunetako bat".

Gazteen langabeziari eta Iraupen luzeko langabeen arazoari ere heldu nahi diote, batik bat 55 urtetik gorakoena. Nafar Lansarek indartuko du kualifikazio txikiko pertsonen ahalmena garatzeko prozesua, baita prekarietatean direnena ere; "hau da, lan merkatutik etengabe sartu eta irten dabiltzen eta pobrezia egoeratik gertu diren langileena". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.