Maria Jesus Beaumont Funtzio Publikoko kontseilariak "esfortzu solidarioa" egiteko proposatu die langile publikoei. 2012an kendutako aparteko sariaren %75 falta da ordaintzeko oraindik eta Gobernuak orain proposatu du horren ordainketa hiru urtera atzeratzea.
Berez, Gobernuak konpromisoa du hilabete honetan %25 pagatzeko eta gainerako %50 2016an ordaintzeko, baina gaur eguerdian Funtzio Publikoko Mahai Orokorrean sindikatuei proposatu die exekutiboak aurten hitz emandakoa ez ordaintzea eta datozen hiru urteetan falta dena pagatzea, %25 urteko.
Beumontek honako egutegia proposatu die langile publikoei. 2016an hiru ordainketa egingo lirateke: urtarrilean 2012ko sariaren %25 eta ekainekoaren %50 ordainduko litzateke; ekainean 2016ko sariaren %25 eta abendukoaren %50 ordainduko litzaieke funtzionariei eta abenduan hilabete horretako sariaren beste %50.
2017rako eta 2018rako beste egutegi bat proposatu du gobernuak: urtarrilean 2012ko sariaren %25 ordainduko litzateke eta ekainean zein abenduan hilabete horietako aparteko sarien %100 pagatuko litzateke.
Beaumontek sindikatuei aipatu die egoera ekonomikoaren ondorioz neurri hori hartzera behartuta dagoela gobernua. "Defizita betetzen ez bada, autogobernuaren murrizketa egon liteke Estatuko Gobernuak gure finantza autonomian esku hartzeko arriskua baitago". Beaumontek zehaztu du langileekiko hitza betetzeko asmoa duela, baina "hezkuntzan, osasunean eta gizarte eskubideetan eragin gabe".