Enplegua

Nafarroako Gobernuak 2019rako 20.000 lanpostu sortzeko asmoa du

Enplegu planak langabeziari aurre egiteko 140 neurri jasoko ditu.

Manu Aierdi eta Miguel Laparra, Gobernuko bi lehendakariordeak. JAGOBA MANTEROLA
joxerra senar
2016ko irailaren 20a
07:51
Entzun

Krisian galdu diren 45.000 lanpostuei buelta eman nahi die Nafarroako Gobernuak, eta datozen lau urteetan 20.000 lanpostu sortu eta langabezia tasa %10etik behera jaitsi nahi du. “Helburu hori ez da inondik ere helmuga bat. Helburu hori betetzea ere ez da onargarria, eta langabeziari, batez ere iraupen luzekoari aurre egiten jarraitu behar da”, azpimarratu du Manu Aierdi Garapen Ekonomikorako lehendakariordeak.

Miguel Laparra Eskubide Sozialetako lehendakariordearekin batera gaur eguerdian enplegu plana aurkeztu du Aierdik. Dokumentu irekia da, eta, orain, hala parlamentu taldeen nola gizarte eragileen proposamenak bildu eta negoziatu nahi dituzte. Abiapuntua, ordea, 140 neurri jasotzen dituen plana da. Eztabaida prozesu hori amaituta, herritarren ideiak eta ekarpenak jasoko dituzte. “Ahalik eta adostasun sozial eta politiko handiena” lortu nahi dutela esan du Aierdik.

Aurreko gobernuek 1999tik lau enplegu plan onartu zituzten, eta maiz helburu zehatzik ez jartzea aurpegiratu zitzaion. UPNren gobernuek ez bezala, egungo gobernuak helburu zehatzak eta “anbizio handikoak” jarri dizkio bere buruari.

2019rako 20.000 enplegu sortu nahi dituzte, eta 10.000 langabe gutxiago izatea bilatuko dute. Era berean, Europako bost eskualde nagusiekin enplegu arloan duen aldea %75 murrizteko helburua dute. “Urteotan, ekonomiaren joera hobetu edo okertzen bada ere, eskualde horiekin dugun aldea modu nabarmenean irentsi nahi dugu”, adierazi du Aierdik. Kontratazio mugagabea %50 handitu nahi dute, egungo 17.000 kontratu finkoak 25.000 izan daitezen.

5.000 enplegu bost sektoretan

Planak bost ardatz ditu. Alde batetik, kalitatezko enplegua sortzen duten enpresei zerga kenkariei mugak kenduko zaizkie; 5.150 lanpostu bultzatuko dira sektore zehatzetan (birziklapena, etxeen alokairua eta zaharberritzea, natura baliabideen kudeaketa, menpekotasun arreta eta eraikuntzan); Bermatutako Errenta jasotzen dutenak kontratatzeko laguntzak jasoko ditu eta lana banatzeko neurriak aztertuko dira.

Bigarrenik, enpleguaren kalitatea hobetzea bilatuko da, eta zerga kenkariak ezarriko zaizkie sektore hitzarmenetan langileei soldatak igotzea hitzartzen duten enpresei. Lan osasun arloan, arriskuei aurrea hartzeko plana onartuko da udazkenean, eta aitortu gabeko enpleguaren aurka borrokatuko da. Laugarrenik, berdintasuna bermatzeko neurriak jasoko dira: hala nola, iraupen luzeko langabeentzako neurriak jasoko dira eta lan eskaintza publikoetan enpleguen %50 emakumeen aldekoak izatera behartuko zaie administrazio guztiei, hala gobernuari nola udalei.

Azkenik, Nafarroako enplegu zerbitzua, Nafar Lansare, eraldatu nahi dute, besteak beste, haren eragin eremua eskualde guztietara helaraziz eta gizarte zerbitzuak enplegu zerbitzuekin parekatuz. 2019rako, gainera, Nafar Lansaren izena eman dutenetatik 15.000 lagunek banakako arreta jasotzea bilatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.