Nafarroako Gobernuak langile publikoen soldatak ez igotzea erabaki du

LABek salatu du sindikatuekin egindako bileran gobernuak ez duela ukatu soldatak jaisteko aukera dagoela

Nafarroako osasun zerbitzu publikoetako langileek egindako protesta bat. LANDER F. ARROYABE / ARGAZKI PRESS.
2011ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Datorren urtea soldata igoerarik gabe hasi beharko dute Nafarroako Administrazioaren mendeko langileek, «gobernuak ez daukalako igoeretarako baliabide ekonomikorik». Funtzio Publikoko negoziazio mahaia osatzeko saioa hasi aurretik eman zuen berria Gregorio Egilaz Funtzio Publikoko idazkari nagusiak berak. Hori horrela, azaldu zuen negoziazio mahai horretan lan baldintzak aztertuko dituztela eta langileek dituzten eskarien inguruan hitz egingo dutela, baina eduki ekonomikoak dituzten gaiei heltzea «zaila» izango dela, nahiz eta onartu haiek direla garrantzitsuenak.

Adierazpen horiek egin ostean, negoziazio mahaia osatzeko saioa egin zuten Nafarroako Gobernuko eta sindikatuetako ordezkariek. Mahai horretan, CCOO da ordezkari gehien duen sindikatua, %23,86. LABek %23,06 ditu, ELAk %20,64, UGTk %19,30 eta Afapnak %13,14.

Batzarrean, Egilazek prentsari esandako bera jakinarazi zieten sindikatuetako ordezkariei: funtzionarioen soldatek ez dutela igoerarik izango, pertsonal gastuetara aurten baino diru gutxiago bideratzea aurreikusten duelako herenegun Nafarroako Gobernuak onartutako aurrekontu proiektuak.

Sindikatuetako ordezkariak haserre irten ziren bileratik, gobernuko ordezkariek ukatu egin zietelako eduki ekonomikoa duen gai ororen inguruan eztabaidatzeko aukera. «Eduki ekonomikoak dituzten proposamenak irakurri ere ez dituztela egingo esan digute», adierazi zuen LABek bileraren balioespena egiteko kaleratutako oharrean. Baina ez hori bakarrik. «Esan digute langile publikoen soldatak ez dituztela igoko, baina ez digute agindu jaitsiko ez dituztenik. Sindikatuetako ordezkariekin sina ditzaketen akordioak beteko dituzten ziurtasunik ere ez digute eman», adierazi zuen sindikatuak.

LABek erabat gaitzetsi zuen Nafarroako Gobernuaren jarrera, dirurik ez dagoela esan eta abiadura handiko trenera 134 milioi bideratzea onartu duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.