Nafarroako Gobernuak urtarrilaren 27tik otsailaren 4ra aldatu du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuneko sindikatuei hitzemaniko bilera. Maria Txibite ELA eta LABeko ordezkariekin biltzeko prest agertu zen, haiek urtarrilaren 30eko greba orokorrera deitzeko arrazoiak azal ziezazkioten. Nafarroako Gobernuak, baina, eguna aldatu du, eta hitzordu berria grebaren ondoren ezarri du. Erabaki horrek sindikatuen atsekabea eragin du. “Guk aurretik bildu nahi genuen, eta aldaketa ez dugu begi onez ikusten”, onartu du Mikel Noval ELAko ordezkariak.
Txibitek ez bezala, Iñigo Urkullu lehendakariak uko egin zion bilerari, aldarriak Eusko Jaurlaritzaren eskumena ez zirela argudiatuz. Sindikatuek besteak beste lehendakariaren argudioari erantzuteko antolaturiko agerraldian eman dute Nafarroako Gobernuaren data aldaketaren berri. Alde horretatik, Urkulluri “gezurretan” aritzea egotzi diote, eta euren ustez Jaurlaritzaren eskuduntza diren hainbat neurri izendatu dituzte: gutxieneko pentsioak 1.080 eurora osatzeko aukera, eta hori argudiatzeko gogoratu dute 2015ean Legebiltzarrean txosten juridikoa egin zela eskaera horrekin bideratu zen herri egitasmo legegile baten karietara; enplegu azpikontratatuan subrogazio eskubidea txertatzea; behin-behinekotasuna murriztea administrazioan; zerga politikak iraultzeko aukera eta sozietate zerga ez murriztea...
Sindikatuek, halaber, esan dute Espainiako Gobernuak azken egunetan adosturiko neurriak “eskasak” direla, eta greba deialdia gobernua eratu aurretik egin zela. Sindikatuei gutxiegi iruditzen zaie gutxieneko lan soldata 950 eurora igotzea, eta 1.200era igotzea aldarrikatu dute. Era berean, gogoratu dute pentsioak %0,9 igotzea ez datorrela bat Euskal Herriko errealitatearekin, Hego Euskal Herrian KPIa %1,2 igo delako.
“Madrilera begira” jarrita, ELAk, LABek eta Steilasek grebarekin bat egiteko gonbita egin diete CCOOri eta UGTri, “Euskal Herriko lantegi askotako bere ordezkariak egiten ari diren bezala”. Esan dute haiek grebara batzea “desiragarria” litzatekeela, euren autonomia eta idiosinkrasia propioa errespetatuz. Elkarrizketa sozial antzua alboratzeko eskatu diete, eta ez onartzeko Espainiako enpresarien elkarteko betoa. CCOOri eta UGTri eskutitz bana bidali diete eskaerarekin. Aurten, esaterako, lau sindikatuek batera egin dituzte Bizkaiko metalgintzako grebak.