Nafarroako Gobernuaren pasibotasunari egotzi diote langileek Gamesaren itxiera

Altsasuko fabrika asteartean itxiko da, eta langileek gaur arte dute beste lantoki batean lan egin erabakitzeko epea

Erredakzioa
2010eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Altsasuko Gamesarekin ahal duten guztia egin duela defendatu du asteon Nafarroako Gobernuak, baina 150 langileek ez dute berdin pentsatzen. Zerbait gehiago egin izan balu, gaur beste egoera batean leudekeela uste dute: «Gobernu nafarraren jokabide pasiborik gabe, fabrika honek irekita jarraituko luke». Irmo mintzatu da Ubaldo Sola Altsasuko Gamesako langileen batzordeko presidentea. Haren ustez, lantokia itxi eta 150 langileak kaleratzeko lan erregulazioko espedientea Madrilen beharrean Iruñean erabaki ahal izatea ez du aktiboki defendatu. «Ez du inongo unetan konpromisorik agertu, eta, esandakoaren kontrara, ez du gure interesik defendatu».

Otsailaren 25ean, lan erregulazioko espediente horrekin batera Espainiako lau fabriketan enplegua behin-behinean eteteko espediente bana aurkeztu zuen Gamesak, eta horregatik Espainiako Gobernuaren aurrean aurkeztu zuen. Berriki, Nafarroako Gobernuak espediente horren aurkako txosten kontsultiboa igorri zion Lan Ministerioari, baina hark ez zuen aintzat hartu.

«Nafarroako Lan Ikuskaritzak dio ez dagoela arrazoirik kontratuak eteteko, eta, hala ere, Madrilgo Lan Ikuskaritzak enpresak aurkeztutako argudioak irmo berresten ditu». Solak gaineratu du espedientea onartzeko orduan, Espainiako Gobernuaren Lan Zuzendaritzak itxieraren aldeko Madrilgo Lan Ikuskaritzaren txostenari egin diola erreferentzia, baina ez duela kontuan hartu Nafarroako Lan Ikuskaritzarena.

Haren ustez, PSOEren gobernuak Gamesaren presioei amore eman die, eta enpresaren interesak lehenetsi ditu langileen eskubideen gainetik. «Argi eta garbi honako hau erabaki politikoa izan da». Langileen batzordeak «ustekabea» azaldu du PSNren adierazpenen inguruan. Alderdi sozialistak «tristezia» agertu du itxiera dela eta. «Nahiago genuke lehenago entzun bagenitu eta euren alderdiaren eta gobernu zentralaren aurka Gamesaren xantaiari jaramonik ez egiteko eskatzen ikusi bagenitu».

Itxiera asteartean gauzatuko da. Gamesak 150 kaleratuetatik 90i beste lantokietan ezartzeko aukera emango die, eta langileek gaur arteko epea dute lantokiz aldatzea eskatzeko. Dena den, Solaren arabera, «oso zaila da» bizilekuz aldatu nahi ez dutenek lanpostu horiek onartzea. Agoitzen, Gamesak 55 lanpostu proposatzen ditu, eta Imarkoainen 15.

Aste hasieran, Sanzek Altsasuko fabrika den tokia berrindustrializatzeko aukera baten berri eman zuen, baina azalpen handirik eman gabe. Ubaldo Solak nabarmendu du langileek ez dakitela ezer horri buruz. «Gobernuari exijitzen diogu hitzok ekintzekin frogatu ditzala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.