Pandemiak eragindako krisitik ateratzen ari da Nafarroako industria ere. Nastaten datuen arabera, urteko lehen lau hilabeteetan %14,1 handitu da haren ekoizpena, 2020koarekin alderatuta. Ikusita iazko martxoan eta apirilean hainbat industria gerarazi zituela konfinamenduak, Nastatek 2019ko lehen lau hilabeteekin ere egin du alderaketa; horretan ikusten da aurtengo ekoizpena %2,4 handiagoa izan dela.
Igoera are ikusgarriagoa da 2020ko apirilarekin konparatuta: +%79,3. Baina kontuan hartu behar da Espainiako Gobernuak derrigorrezkotzat jotzen ez zuen industria itxita izan zela gutxienez apirilaren 9ra arte, eta gero Aste Santuko oporrak geldialdia luzatu zuela hainbat enpresatan, eta eskari txikia izan zela. Horrela, Nafarroako industria enpresarik handienak, Volkswagenek, apirilaren 27an berrekin zion produkzioari, eta txanda bakar batean.
Itxiera horren eragina oso argi ikusten da industriaren sektorekako datuetan. Garraio Materiala izeneko atalean, ekoizpena %419 handitu da iazko apiriletik aurtengora; hau da, bost aldiz handiagoa izan da. Industria metalikoetan %110 handitu da, eta energian, berriz, %52.
Kontrara, pandemiaren eragina ia antzeman ez zuen elikagaien industria %4,5 baizik ez du handitu ekoizpena. Berez, atal hori da urteko lehen lau hilabeteetan datu negatiboa duen bakarra (-%5,7).
Nafarroan ez ezik, Hego Euskal Herriko beste lurraldeetan ere indarrez ari da suspertzen industria. Eustatek joan den astean kaleratu zuenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industriaren produkzioa %10,4 handitu da urteko lehen lauhilekoan.