Aurreko legealdiaren hondarrean Nafarroako Kutxari buruzko ikerketa batzordea osatu zen, baina oso gutxi iraun zuen. Denbora laburrak eta CAN fundazioak ukatutako dokumentazioak mugatu egin zuten funtzionamendua. Gaur arratsaldean, EH Bilduk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k, PSNk eta Ezkerrak konpromisoa hartu zuten legealdi honetan batzordea berriro irekitzeko. “Hiru urte luze ditugu aurrean”, adierazi zuen Arantza Izurdiaga EH Bilduko parlamentariak.
Izurdiagak aipatu du “konplexurik eta aurreiritzirik gabe” ausardiaz jokatuko dutela batzordean. Haren ustez, erantzukizun politikoak argitu behar dira, kontrol politiko falta handia egon zelako CANen galeraren atzean. CAN fundazioak dokumentazioa ematea ukatzen badu, Ekonomia Departamentuak behartu dezakeela uste du.
Geroa Baiko Koldo Martinezen arabera, CANen galeraren arrazoiak argitu behar dira. PSNko Santos Cerdanek aipatu du beharrezkoa dela Nafarroako Kutxaren inguruko irakurketa politiko bat egitea.
UPNko Carlos Garcia Adaneroren ustez, ikerketa batzordearen helburu nagusia da Nafarroako Gobernuaren “gestio negargarria estaltzea”. Haren esanetan, “lauko alderdietako bati CANen komodina ateratzea otu zaio”. Ildo beretik, PPko Ana Beltranen ustez, “tranpazko ikerketa batzorde bat” da. “Ez gara arreta desbideratzeko tranpa horretan eroriko, PSNk egin duen bezala”.