«Merkataritzak aurrez aurre duen muturreko egoerak derrigortzen gaitu berehalako laguntza plan bat eskatzera, enpresek aurrera jarrai dezaten; ez bada planik, ixtea beste biderik ez dute izango askok». Nafarroako hainbat merkataritza elkartek laguntza dei etsia egin diote Nafarroako Gobernuari, elkarte horiek egindako inkesta baten ondorioak alarmak piztu ondoren: mila saltoki inguru ixteko arrisku bizian daude, pandemiak urtebete egin duen honetan. Koronabirusak leherrarazi duen krisi ekonomikoak aurrean eramango ditu negozio asko; hori aurreikusi dute aditu askok, eta, itxiera hurbiltzen den heinean, laguntza eskaerak gero eta ozenagoak dira.
Besteak beste, Nafarroako Merkatarien Elkarteak, Parte Zaharreko Elkarteak eta La Txan Ostalaritza eta Merkataritza Elkarteek egindako inkestak islatu du Nafarroako merkatarien %72k salmenta gutxiago egin dituztela 2020. urtean, eta horien artean kalte handiena jasotakoak direla arropa, zapatak, osagarriak, bitxiak eta betaurrekoak saltzen dituztenak, ia %90 apaldu zaizkielako salmentak. Edonola ere, pandemiak ia denei egin die kalte. Hamarretik sei merkatarik salmenten %30 eta %40 artean galdu dituzte azken urtean. Hori horrela, merkatarien bozeramaileek garbi esan dute mila izan daitezkeela luze gabe ateak itxi beharko dituzten negozioak, oso zaila delako salmentak igo gabe aurrera jarraitzea.
4.000 enplegu arriskuan
Eta zenbat enplegu gal daiteke lurraldean, merkatari txikien sektorean? Bada, elkarteek azaldu dutenez, bederatzi hilabeteko epean 2.500 enplegu gal daitezke, ez badira martxan jartzen laguntza azkarrak eta nahikoak. Krisiaren lehen zartadaren zenbakiak lirateke horiek, betiere merkatarien datuen arabera, bost urterako aurreikuspenak are larriagoak baitira: 4.000 enplegu galduko lirateke, autonomoak eta soldatapekoak kontuan hartuta.
Nafarroako merkatariek laguntza nahi dute bizkor, mila saltoki itxi ez daitezen
Dendariek egindako inkesta batek alarmak piztu ditu, eta itxierak eragozteko plan eraginkor bat eskatu diote Nafarroako Gobernuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu