Finantza publikoak

Nafarroako Parlamentuak 35 milioi inbertitzeko ezohiko mailegua onartu du

Iazko superabitetik Pedro Sanchezen gobernuak baimendutako 35 milioien alde bozkatu dute talde guztiek, Orain Baik ezik. Bozketan bat eginagatik, jarrera diferenteak agertu dituzte laukoak eta oposizioak.

Mikel Aranburu legebiltzarrean hizketan, 113 milioi euroko inbertsioa eztabaidatu zenean. IñIGO URIZ FOKU
joxerra senar
2018ko abenduaren 13a
13:14
Entzun

Lehenik 35 milioiei heldu, eta ondoren 113 milioien alde borroka egin. Hori da gaur goizean, funtsean, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak defenditu duten posizioa. Aldiz, Orain Bai-ko Laura Perezek "planto egiteko ordua" dela aldarrikatu du, Parlamentuak hartutako erabaki baten aurka kontra egin duelako Espainiako Gobernuak. Oposizioko alderdiek, berriz, 35 milioiien alde bozkatu arren, gobernua eta laukoa kritikatu dute "barregarri geratu direlako". PSNk, berriz, Espainiako Gobernuaren jarrera defenditu du.

Espainiako Gobernuak azaroaren 27ko ilunabarrean, azkenik, iazko 215 milioi euroko superabitetik soilik 35 milioi inbertsio iraunkorrerako erabiltzea baimendu zuen. Biharamunean, Nafarroako Gobernuak 35 milioi euro horiek zertan inbertitu zehazten zuen lege proiektua onartu zuen. Hain zuzen ere, egitasmo hori gaur bozkatu da osoko bilkuran, eta Orain Baiko lau parlamentariek ezik, gainerako talde guztiek alde bozkatu dute. Legeak proposatzen du 35 milioiak udalen azpiegituretan eta banda zabalaren hedapenean inbertitzea.

2015-2019 epereako ekarpena hitzartu ondotik, iaz 215 milioi euroko superabita izan zuen Nafarroak, baina azkenik gastu-araua bete ez zuenez, uztailean onartutako Estatuko aurrekontu orokorretako 116. xedapenaren arabera, diru soberakin hori inbertsio iraunkorretarako baliatzeko Madrilen oniritzia behar zuen. Ogasun Ministerioaren erantzunaren zain, urriaren hasieran laukoak, Parlamentuan, presio neurri gisa, 113 milioiko inbertsioen legea onartu zuen. Bi hilabete geroago, azkenik, ministerioak soilik 35 milioi baimendu ditu.

Gobernuaren eta alderdien posizioa

Horregatik, Mikel Aranburu Ogasun kontseilariak kritikatu du "alde bakartasunez" jokatu duela Madrilek, ez baita "inondik ere" bi gobernuen arteko akordiorik izan alor horretan. Aranbururen arabera, horrek behartu egin du gobernua aurreikusitako 113 milioietatik 35 milioi "lehenestea", eta horregatik udal azpiegituren eta banda zabalaren alde egin dute. Aranburuk gogora ekarri du iazko 215 milioiko superabita neurri handi batean 2015 eta 2016 urteetan Nafarroak Espainiari ekarpen bidez gehiegi ordaindu izanaren ondorio zirela, eta, horregatik, Madrilek gastu-araua beste modura interpretatzeko aukera zuelakoan dago. Borondate falta egotzi dio Sanchezen administrazioari.

UPNko Javier Esparzak, aldiz, bere hatza Madrilerantz zuzendu ordez, Iruñerantz jo du, eta gastu-araua bete ez izanagatik "78 milioi galtzea" aurpegiratu dio Nafarroako Gobernuari. "Zorroztasunez kudeatzen ez denean, gauza hauek gertatzen dira", kritikatu du. Geroa Baiko Jokin Castiellak erantzun dio "kudeaketa negargarriaz" ari denean, egiazki UPNren gobernua ote duen buruan, Nafarroak egun duen finantza egoera neurri handi batean haien kudeaketaren ondorio delako. Castiellak azpimarratu du oraindik ere 113 milioien alde borrokan jarraituko dutela.

Ildo beretik jo du EH Bilduko Adolfo Araizek, eta azpimarratu du 113 milioien legea ez dela indargabetuko. Araizen arabera, "bialdekotasunik ez dago hemen", Madrilek erabaki baitu zer agindu eta baimendu, 2012an Kongresuan onartutako Finantza Egonkortasunaren legea baliatuta. Anekdota gisa, aipatu du Espainiako Gobernua urriaren erdialdera arte ez zela jabetu gastu-arauaren aferaz, eta 35 milioiak baimentzen zituen agirian, "autonomia erkidego" deitu ziola Nafarroari. "Jada ez gara ezta foru erkidego ere. Horrek adierazten du beste autonomia bati eman dioten erantzun bera hartu eta kopiatu egin dutela". PSNri Espainiako Gobernuaren interesak defenditzea leporatu dio. "Ordainketak eguneratuta ditugu, zorra amortizatu dugu, defizitaren helburua bete dugu, orduan, zer gehiago egin behar dugu?".

PSNko Maria Txibiteren esanetan, Nafarroako Gobernuak orain bere kudeaketa txarra ezkutatu nahi izan du, eta, UPNk bezala, gastu-araua ez betetzea aurpegiratu dio. Espainiako Gobernuaren jarrera negoziatzaile txalotu du, era berean. Bere hitzetan ez da gauza bera Moncloan Mariano Rajoy edo Pedro Sanchez egotea. "Zuek ere badakizue beste gobernua balego, lehen unetik Konstituzionalera joko lukeela 113 milioien legearen aurka, beste hainbat foru legerekin egin zuen bezalaxe".

PPko Ana Beltranen esanetan, "erantzukizunez" jokatu dute botoa ematerakoan, eta oraingoan Sanchezen gobernua "katuari kriskitina jartzera" ausartu da. Bere ustez, Barkosen exekutiboa "irrigarri geratu da".

Aitzitik, Jose Miguel Nuinen arabera, arazoaren muina "Finantza Egonkortasunaren legea" da, eta, Txibitek hura aldatzeko nahikoa botorik ez dagoela esan arren, hori egiten ausartzeko eskatu dio Nuinek, "Ikusiko dugu orduan badagoen gehiengorik edo ez". Ezer ez egitea leporatu dio PSOEri. Gogoan hartu du egungo Ogasun ministroa, Andaluziako Ogasun kontseilari zenean, ozen kritikatu zuela superabiteko portzentaje handi bat inbertsio sozialerako ez erabiltzea, eta orain Madrilen kontrakoa egitea egotzi dio. Nuinen ustez, Rajoyren ildotik jo du Sanchezek eta azkenean, laukoa baino "gizarte nafarra" kaltetzen duela gogorarazi dio Txibiteri.

Azkenik, Laura Perezi "deigarria" egin zaio posizio diferenteak agertuagatik, gainerako taldeek berdin bozkatzea. Bere ustez, Espainiako Gobernuak Nafarroako autogobernuari eraso egin dio eta horren aurka egiteko modu egokiena orain planto egitea litzateke. "Batzuk diote hobe dela hau ezer baino, eta besteek legea bete behar dela. Baina zein lege, Parlamentu honek berak 113 milioiko legea onartu badu? Zergatik amore eman behar dugu orain? Zergatik 35 milioiekin konformatu?", galdetu du. Bere ustez, adierazpenetatik ekintzetara pasatzeko unea da.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.