Autogintza

Nafarroako Volkswagenek laurehun lanpostu kenduko ditu bi urtez

Auto elektrikorako trantsizioa egiteko proposatu du murrizketa hori zuzendaritzak. 2027tik aurrera gaur egun baino langile gehiago beharko dituela esan du.

afarroako Volkswageneko sindikatuek deituta, langileen elkarretaratzea Landabengo fabrikaren aurrean. IDOIA ZABALETA (FOKU)
Jokin Sagarzazu.
2023ko irailaren 27a
15:15
Entzun

Nafarroako Volkswagenen laurehun langile gutxiago —egungo lantaldearen %10— izango ditu ia bi urtez, 2024aren erdialdetik 2026aren hasierara bitartean. Denbora horretan, langileek bi txanda eta erdian lan egingo lukete. Hala jakinarazi dio zuzendaritzak langile batzordeari, lan hitzarmena negoziatzeko lehen bileran.

Horrekin batera, zuzendaritzak berretsi du Landabengo plantak Polo autoa ekoizteari utziko diola, lau hamarkadaren ondoren. Datorren urteko martxotik aurrera izango da hori, baina baliteke pixka bat atzeratzea, abuztu erdialdera. Ordutik aurrera lantegia auto elektrikoen fabrikazioa prestatzen hastea aurreikusi dute.

2024 eta 2026 bitarteko auto elektrikorako trantsizioa barne hartuko duen lan hitzarmena bat egitea proposatu du zuzendaritzak, ekoizpen aurreikuspenak behin-behinekoak direla oinarritzat hartuta.

Hala, 2025erako 215.000 auto produzitzea aurreikusten du, denak errekuntzakoak, eta 2026rako, berriz, 200.000, errakuntzakoak eta Landabengo plantan egingo diren bi modelo elektrikoak —Skoda markako bat eta Volkswagen ID2X—. Taigo modeloa egiteari utziko diote Nafarroako plantan, eta, errekuntza auto gisa, T-Cross autoa bakarrik mantenduko da, bi auto elektrikoekin batera.

2027. eta 2028. urteetarako urtean 350.000 auto ekoiztea aurreikusten dute, eta, kopuru horiei esker, «enpleguaren egungo kopuruak berreskuratu eta gainditu ahal izango dira», enpresak ohar batean azaldu duenez.

Zuzendaritzak azaldu duenez, auto elektrikoak eta errekuntzakoak malgutasunez eta aldi berean ekoizteko prestatuta egoteak etorkizunerako bermea ematen dio Landabengo plantari, ekoizpen mailak babesten baititu merkatuaren balizko gorabeheren aurrean. Halaber, jakinarazi du aurreikusitako inbertsioei eutsiko diola, eta «2025erako aurreikusitakoak aurreratu direla».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.