Urtarriletik martxoaren 1era bitartean, Nafarroan 29 aldi baterako erregulazio baino ez ziren aurkeztu. Pandemiak eztanda egin eta konfinamendua ezarriz geroztik, egoera irauli da, erauntsi handi baten gisan: Martxoaren 14ko asteburuan 37 aurkeztu ziren; ondorengo astean, 2.059; eta hurrengoan, 2.990. Apirilean, erritmoa jaitsi da, baina guztira 6.595 aurkeztu dira, eta 55.486 langileri eragin diete.
Ia denak, krisiaren ondorioz Espainiako Gobernuak martxoaren erdialdean onartutako errege dekretuak jarduera eteteagatik ezarritako aldi baterako dosierrak dira, eta gainerako 422ak, antolamendu eta produkzio arloko arrazoiengatik edo arrazoi ekonomiko-teknikoen ondorioz aurkeztutakoak. Eragindako langileei begira, %94,9k lana utzi dute aldi baterako, jarduera etenda egoteagatik, eta beste %5i lanaldia murriztu zaie. Egoera guzti honetan, enpresek soilik 67 langile kaleratu dituzte.
Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko kontseilariak gaur goizean nabarmendu du konfinamenduaren lehen asteetan aurkeztutako espediente kopuruak krisiaren urterik okerrenean, 2012an, aurkeztutakoak gainditu zituela. Horrek agerian uzten du krisi honen tamaina. Dena den, Aierdiren arabera, oraindik goiz da haren dimentsioa eta sakontasuna neurtzeko. «Argi dago larria izango dela, analista guztien irakurketek hala adierazten baitute. Berreraikuntzan pentsatu behar dugu denok, eta konfiantza dut Nafarroako egitura ekonomikoak lagunduko duela: gure sektore estrategikoak, gure industriaren aldeko apustuak... beste toki batzuk baino leku hobean uzten gaituzte».
Sektoreen artean, zerbitzuak eta industriak biltzen dituzte aldi baterako erregulazio gehien eta langile kaltetu gehien: %41 eta %56, hurrenez hurren. Jarduera ekonomikoei begira, autogintzaren sektorean dago langile kaltetu gehien, Volkswagenen garrantzia tarteko (langileen %21). Era berean, auto salmenten kontzesionarioek aurkeztutako dosierrak kaltetutakoen %5,5i dagozkie, eta ibilgailuak erreparatzeko tailerrek aurkeztutakoak, %3,4ri.
Autogintzaren ondoren, ostalaritza da aurkeztutako dosierren artean langile kopuru handienari eragingo dion sektorea; zehazki, langileen %14,3ri eragingo dio. Dena den, autogintzaren kasuan, Volkswagenek datorren astean ekingo dio lanari; ez dago argi, berriz, tabernak, jatetxeak eta hotelak noiz irekiko dituzten. Aierdik ez du zehaztu noiz egongo diren zabalik. «Sektoreak berak antzematen du jarduerara itzultzeko egiten diren plan guztietan oso zail dutela». Aierdik aurreratu du «udako kanpaina benetan konplikatua» izango dela. Gogora ekarri du osasun krisi bat dela, eta ondorengo asteetan eta hilabeteetan funtsezkoa izango dela elementu epidemiologikoak aintzat hartzea: «Denok egon behar dugu erne zer erabaki hartzen diren konfinamendua amaitzeko prozesu horretan eta zer neurri hartzen diren langileen segurtasunerako eta gizarte osoarentzat. Ez dezagun aurrea hartu; ikus dezagun nola doan».
Iruñerrian, bi heren
Nafarroan aurkeztutako espediente gehienak, bi heren, Iruñerrian erregistratu dira: 4.142 dosier, eta 37.612 langileri eragin diete; Baztanen, 278 espediente aurkeztu dira, eta 3.154 langileri eragin diete; Sakanan, 258 dosier, eta 2.087 behargini eragin diete; Pirinioetan, 72 dosier aurkeztu dira, eta 462 langileri eragin diete; Erriberan, 777 espediente, eta 4.844 langileri eragin diete; Goi Erriberan, beste 191 dosier aurkeztu dira, eta 2.206 langileri eragingo diete; Zangozaldean, 55 dosier aurkeztu dira, eta 322 langileri eragingo diete; Lizarraldean, berriz, 338 dosier, eta 1.831 langileri eragingo diete; azkenik, Tafallaldean, Nafarroa erdialdean, 222 dosier aurkeztu dituzte enpresek, eta 1.631 langileri eragingo diete.
Enpresen tamainari dagokionez, sakabanatuta dago espediente kopurua. 250 langiletik gorako enpresa handiek, orotara, 44 dosier aurkeztu dituzte, eta 14.225 langileri eragin diete. 50 eta 250 langile artean dituzte enpresa ertainek 202 espediente aurkeztu dituzte, eta eta 11.618 langileri eragin. Enpresa txikiek 1.860 dosier aurkeztu dituzte, eta 18.271 langileri eragin diete. Eta bost langile baino gutxiago duten mikroenpresek 4.429 dosier aurkeztu dituzte, eta 8209 behargini eragin diete.
Azarotik, Nafarroako Gobernua enplegu plana zehazten ari zen CEN enpresaburu elkartearekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin. Horri buruz galdetuta, Aierdik onartu du «egoera aldatu» dela, bestelako testuinguru ekonomiko batean ari zirelako lanean. «Epe motzera neurriak hartu ditugu, eta erne egon beharko dugu ea nahikoak diren; baina horrekin batera ikusi behar dugu zer neurri hartu behar ditugun hainbat mailatan, bai epe motzean, bai ertainean».
Nabarmendu du aurretik sektore estrategikoekin egin den lana funtsezkoa izango dela neurri horiei begira. «Sei sektore estrategiko identifikatu ditugu, eta zeharkako neurriak ezarri. Oro har, ez da bide txarra; ziurrenik ñabardurak gaineratu beharko zaizkio». Haren hitzetan, energia berriztagarriak, elikagai industriak eta osasun arloko sektoreak giltzarri izango dira aurrerantzean, eta aurretik egindako lan horren garrantzia azpimarratu du. «Sektoreok kiniela guztietan daude, eta horien aldeko apustua egin du; aurrera begira ere egin beharko da ikerketa eta garapena, enpresen tamaina, nazioarteratzea eta bestelako osagaiak aintzat hartuta»