Iaz jasotako kolpetik berreskuratzen ari da Nafarroako Ogasuna. Nahiz eta oraindik goiz den balorazio oso sakonak egiteko, bide onetik doa zerga bilketa. Urtarriletik maiatzera 1.423,5 milioi euro sartu dira kutxa publikoetan, iaz baino %21,9 gehiago.
Ogasun Departamenduak azaldu du bi datuak ez direla erabat konparagarriak. Izan ere, iaz apiriletik maiatzera atzeratu zen errenta kanpaina, eta aurten, ez. Horrek dakar diru itzulketen eta diru sarreren egutegia desberdina izatea. Edonola ere, badago faktore bat baikor izateko: langileei beren soldatetan egindako atxikipenak %15,2 handitu dira, eta horretan egutegiak ez du eraginik. Kapital errenten atxikipenak ere nabarmen handitu dira, %26,7.
Ekonomiaren suspertzea ez ezik, bada aurten bilketa handitu beharko lukeen beste faktore bat: Nafarroako Gobernuak zenbait zergaren ordainketa bertan behera utzi zituen iaz, larri zebiltzan negozio txikiei laguntzeko, batez ere.
Zerga bilketa ongi doa beste lurraldeetan ere. Urteko lehen bost hilabeteetan 5.497 milioi euro jaso dituzte zergatan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek, iaz epe horretan baino 1.297 milioi gehiago (+%31).